San Joan jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Gasteizko Judimendi auzoan, eta, besteak beste, presoen eskubideen aldeko kalejira eta topa antolatu zituzten atzo. Asteon, Covite biktimen elkarteak eta PPk salatu dute «terrorismoa» goratzeko ekitaldiak egitekoak zirela jai horietan, eta instituzioei eskatu diete horiek debekatzeko. Atzo jakin zen Gasteizko Udalak fiskaltzari helaraziko diola presoen aldeko topari buruzko informazio guztia, deliturik egingo ote den azter dezan.
Gasteizko alkate Maider Etxebarriak esan du «guztiz higuingarria» dela «ETAko kideak goratzea», eta ohartarazi aztertu egingo dutela udalak ekitaldi horiek diruz lagundu dituen ala ez. «Fiskaltzari jakinarazi diogu, deliturik dagoen erabaki dezan, eta, hala bada, zigor arloko jurisdikziora eraman dezan», azaldu du.
Judimendiko jaiak
Fiskaltzari dagokion informazioa bidaltzeaz gain, auzo elkarteak presoen eskubideen alde deitutako kalejirari adi egongo da Ertzaintza, Etxebarriak jakinarazi duenez. «Ez da lehen aldia Judimendiko jaietan horrelako ekitaldiekin lotutako polemika bat daukagula, baina ez ditu inolaz ere auzoko bizilagunak ordezkatzen», azpimarratu du.
Covitek eskatua zien instituzioei «ETAri eta bere terroristei babes espliziturik» ez emateko. «Erakunde publikoek hobeto kontrolatu beharko lukete diru publikoaren erabilera, diru hori ETA goratzeko eta hiltzaileei laguntzeko erabil ez dadin», ohartarazi zuen.
Gaiari buruz galdetuta, Ibon San Saturnino EH Bilduren Arabako koordinatzaile nagusiak esan du ez duela elikatuko eztabaida hori. Judimendin antolatutako ekitaldiak euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko eta salbuespeneko espetxe politika ezabatzeko direla gogoratu du Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean. PPri, berriz, ez zaizkio nahikoa iruditu udalak hartutako neurriak.
Gasteizko Udalak presoen aldeko ekitaldi batez galdetu dio fiskaltzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu