Gasteizko Udalak Korda espazioa hustu nahi du

Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek jakinarazi dutenez, udalak lokala uzteko agindu zien martxoaren 20an. 21 Zabalgunea udal enpresa da jabea. Gasteizko Udalak auzitara jo du.

Korda espazioko hainbat kide, Pintore kaleko 51. zenbakian, artxiboko irudi batean. KORDA ESPAZIOA
Korda espazioko hainbat kide, Pintore kaleko 51. zenbakian, artxiboko irudi batean. KORDA ESPAZIOA
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 7a
10:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Pintore kaleko 51. zenbakiko lokalean ia hiru urte egin ostean, Korda espazioaren etorkizuna kolokan dago. Udalak lokala husteko prozesua abiatu du, Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek jakinarazi dutenez; hiru eragile horiek hartu zuten espazioa, 2022ko ekainean. Ohar bidez salatu zutenaren arabera, martxoaren 20an eman zieten lokala uzteko agindua; horretarako, baina, Gasteizko Udalak ez die data zehatzik ezarri. Hala ere, auzitegietara jo du.

Eragileek azpimarratu dute 2022ko ekainaren 27ra arte espazio hori ez zuela inork ezertarako erabiltzen. Hori dela eta, «autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz hartuta», lokala okupatzea erabaki zuten, «herri egiturak garatzeko eta indartzeko». Bide horretatik jarraitzeko, eta auzoak «berreskuratutako» lokala «merkatuaren logikara» itzuli ez dadin, udalari atzera egiteko eskatu diote. Korda espazioa defendatzeko prest daudela ohartarazi dute.

Oharrean azaldu dutenez, gaur egun Korda espazioa dagoen arren, lokala 21 Zabalgunea udal enpresarena da; hau da, Gasteizko Udala da jabea, eta auzitara jo du; eta gaur egun auzia epailearen esku dagoela azpimarratu du: «Epaile batek erabaki beharko du lokal horretan jarraitu ote dezaketen».

Behin kanporatuta, auzoko eragileek inguruan jarduten jarraitzeko espaziorik eskaintzeko aukera saihestu du Gasteizko Udalak: «Auzia ez da beste lokal bat izateko aukeraren ingurukoa, Pintore kaleko 51. zenbakiko lokalaren ingurukoa baizik».

Bestalde, hiru mugimenduek salatu dute Korda espazioaren kasua ez dela salbuespena. Izan ere, Gasteizko Alde Zaharrean eta beste hainbat auzotan «ugariak» dira 21 Zabalgunearen jabetzako pisu eta lokalak; eta, udal enpresari leporatu diotenez, espazio horietako asko «abandonaturik eta oso egoera txarrean» daude.

130 lokal hutsik

Atzo kaleratu zuten oharrean adierazi zutenez, Alde Zaharrean 130 lokal baino gehiago hutsik daude. Horiek horrela, udalari «jabetza pribatua eta negozioa» babesten aritzea egotzi diote eragileek, eta, horri aurre egiteko, haien iritziz herritarrenak izan beharko luketen guneak «berreskuratuko eta defendatuko» dituzte: «Etxebizitzak eta lokalak, erabiltzen dituenarentzat!».

Hortaz, Kordaren defentsarekin bat egiteko deia egin zuten, «herri egituren eta auzoko komunitate antolatuaren mesedetan jarrai dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.