Gasteizko Udalak etxegabetzeak prebenitzeko bulego bat sortuko du

Bulego berriaren funtzioa izango da etxegabetzeak saihestea, familiei laguntzea, eta entitateekin zein jabeekin bitartekaritza lanak egitea. EH Bilduk proposatu du ekinbidea, eta EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin-ek babestu dute.

Etxegabetze bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Etxegabetze bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko apirilaren 16a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxegabetze arriskuan dauden herritarrei aholkua eta laguntza ematea. Horixe izango da Gasteizko Udalak, udalbatzaren eskariz, martxan jarriko duen Etxegabetzeen Prebentziorako Bulegoaren funtzioa. EH Bilduk proposatuta, gaur eztabaidatu dute ekinbidea osoko bilkuran, eta PP ez gainerako talde guztien babesarekin egin du aurrera. EH Bilduk udal gobernua osatzen duten EAJrekin eta PSE-EErekin adostutako erdibideko zuzenketa izan da osoko bilkuran onartu dutena. Elkarrekin taldeak ere babestu du neurria.

Etxegabetzeen Prebentziorako Bulegoa gune fisiko bat izatea adostu dute, eta etxebizitza galtzeko arriskuan dauden herritarrei informazioa, aholkuak eta laguntza eskainiko diete han. Finean, etxebizitza ez galtzeko jarraibideak emango ditu bulegoak. Hain zuzen ere, bulego berriaren funtzioa izango da etxegabetzeak saihestea, familiei laguntzea, eta entitate zein jabeekin bitartekaritza lanak egitea.

Beste udal batzuk eredu

EH Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendik azpimarratu du ezinbestekoa dela «etxebizitzaren arazoaren ondoriorik larrienak eta traumatikoenak» saihestea, eta Euskal Herriko beste udal batzuk eredu gisa hartu ditu. Iruñean, adibidez, 2016az geroztik Etxebizitza Bulego bat dute; bizitoki larrialdiko egoeretan udal etxebizitzak eskuratzeko eta erabiltzeko aukera ematen du, eta etxegabetze prozesuak prebenitzeko funtzioa du. Bilbon, berriz, 2024ko azarotik etxebizitza zerbitzu guztiak bulego bakar batean zentralizatuta daude, besteak beste, etxegabetzeen eta gainzorpetzeen kasuei erantzuteko.

Ruiz de Larramendik azpimarratu du etxebizitzaren merkatuko prezio altuek, lan prekaritateak eta soldata apalek etengabe zailtzen dutela etxe bat eskuratzea, eta, aldi berean, etxea galtzea errazten dutela. «Etxebizitzaren arazoa larriagotu egin da, eta Gasteiz ez da salbuespena. Etxebiden inoiz baino jende gehiago dago izena emanda», ohartarazi du.

Lucho Royero jeltzaleak gogorarazi du udal gobernuak legealdirako dituen konpromisoetako bat izan zela bulegoa sortzea: «Etxebizitza duin baterako eskubidea izatea gakoa da gizarte kohesionatuagoa lortzeko, baita egoera zaurgarrienean daudenentzat ere».

PPko zinegotzi Marta Alañarentzat, berriz, neurria «itxurakeria hutsa» da, eta ez du egoera konponduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.