Kostata, baina Gasteiz antzokiak pixka bat irekiago dauzka ateak. Gasteizko Udala eta Lazarraga kultur elkartea gaur arratsaldean batzartu dira, eta akordio bat lortu dute Gasteiz antzokia zabaltzeko. Bi aldeek adostu dutenez, kultur elkarteak bost urteko epean ordainduko du zorra, eta adostutako hitzarmenean «hainbat egokitzapen» egingo dituzte egitasmoa «lehenbailehen» martxan jartzeko.
Maider Etxebarria alkatea pozik agertu da: «Pauso honi esker, Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari. Horren bidez, legealdi honetarako gure gain hartutako konpromiso bat bete eta hiri proiektua berme osoz jarriko dugu abian, beti defendatu eta alkatetzara iritsi ginenetik horrenbeste landu dugun moduan».
Bestalde, Lazarraga kultur elkarteko lehendakari Lukas Etxeberriak azaldu du elkartea itxaropentsu dagoela akordioarekin: «Batetik, Gasteiz antzokia – Euskararen Etxea proiektuaren korapiloa askatzen asmatu dugulako, eta, alde horretatik, espero dugu egungo udalarekin elkarlan zintzoa lortuko dela halako beste egoera bat ez izateko». Bestetik, pozarren agertu da «Gasteizen, berriro ere, kultura sortzeko eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dugulako Izaskun Arrue kulturgunean».
Akordioa 2024ko hitzarmena sinatzean jarriko da abian, eta «laster» hasiko dira jarduerak programatzen. Horretarako, udalak 325.000 euroko diru laguntza emango du urtebeterako. Hasiera batean, 350.000 euro ematekoak ziren. Akordioa sinatuagatik ere, Lazarraga kultur elkarteak 112.817 euro itzuli beharko ditu iazko «jarduera faltagatik». Iaz jasotako diru laguntza da bueltatu beharko duena. Alea hedabidearen arabera, bost urteko epea izango du zorra kitatzeko, eta hilean 2.000 ero inguru ordainduko dituzte.
Borroka luzea
Duela urtebete zabalduta egon behar zuen Gasteiz antzokiak –Izaskun Arrue kulturgunea du izen ofiziala–, baina itxita dago oraindik. Euskalgintzak behin eta berriz eskatu du antzokia irekitzeko, Gasteizen euskararen arnasgune izan behar duelakoan. Esaterako, martxoan, euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bat argitaratu zuten, Gasteizko Udalari eskatzeko antzokia «lehenbailehen» irekitzeko. Halaber, handik egun batzuetara, aldarrikapen bertsua egin zuten euskara, kultura eta kazetaritza arloko ehundik gora pertsona ezagunek.
Ordea, udalak behin eta berriz atzeratu du antzokiaren irekiera eguna, azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituela argudiatuta, eta bitartean Lazarraga elkarteak, antzokia hitzemandako datan zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako gastuetara bideratu du diru laguntzaren zati bat. Apirilean, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioaren berri eman zion elkarteari: udalari 112.817 euro pasatxo bueltatzeko eskatu zion. Elkartea behin baino gehiagotan kexatu izan da horregatik, eta proiektua zalantzan zegoela ere esan zuten. Alea hedabidearen esanetan, hitzarmenen berrian «hainbat egokitzapen» egingo dituzte «2023ko diru zuriketan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen».