Salatu dute Gasteizko Udalak errolda «oztopatzeko» jarraibideak eman dizkiela bere langileei

'Erroldarik gabe, izaterik ez!' plataformak udaleko bi barne dokumentu eman ditu argitara, zeintzuetan zenbait herritarri erroldatzea eragozteko «eskakizun bidegabe eta ilegalak» jasota dauden.

'Erroldarik gabe, izaterik ez!' plataformako kideek Gasteizko Udalaren barne dokumentuak erakutsi dituzte. BERRIA
'Erroldarik gabe, izaterik ez!' plataformako kideek Gasteizko Udalaren barne dokumentuak erakutsi dituzte. BERRIA
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 30a
11:00
Entzun

Gasteizko Udalak zenbait herritarri erroldatzea «oztopatzeko» darabilen politika salatu du Erroldarik gabe, izaterik ez! plataformak. Eta, horretarako, Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu atera ditu argitara: udaleko langileei errolda eskatzaileekin nola jokatu azaltzen dien protokoloa da bata, eta arau horiei udalak emandako «legez kanpoko» oinarri juridikoa da bestea.

Plataformako kideek jakinarazi dutenez, Gasteizko Udalaren bi dokumentuak «gehien behar dutenei» errolda ukatzeko tresna bilakatu dira, eta, legeari izkin eginez, «klaseen arteko arrakala» areagotu eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzte. 2019an gogortu zituen udalak erroldatzeko baldintzak, eta, harrezkero, Gasteizko bizilagun asko ezin izan dira erroldatu protokoloak ezarritako «gehiegizko» eskakizunengatik.

Erroldaren kudeaketan diharduten udal langileentzako barne protokoloan derrigorrezko jarraibide batzuk jasota daude. Horien arabera, Gasteizko Udalak alokairu kontratua edo jabearen baimen esplizitua eskatzen ditu errolda eskaera onartzeko, eta, beraz, «erabilera eskubidea» frogatu ezin dutenak kanpoan uzten ditu. Besteak beste, erroldatik at uzten ditu jabeak kontratua egin nahi izan ez dien herritarrak, baita bestelako arrazoiak direla medio etxebizitzaren erabilera frogatu ezin dutenak ere.

Ez hori bakarrik. Plataformak argitara eman duen barne protokoloaren arabera, udalak ez ditu erroldatzen erregularizatu gabeko etxebizitzetan bizi direnak, izan lonjak edo egoera kaskarrean dauden «infraetxeak». Gainera, zazpi pertsonako «muga arbitrarioa» ezarri dio udalak etxe bakoitzeko errolda kopuruari, eta, hala, kanpoan utzi ditu etxebizitza bat beste pertsona batzuekin partekatzen duten pertsona eta familiak.

Gasteizko Udalak alokairu kontratua edo jabearen baimen esplizitua eskatzen ditu errolda eskaera onartzeko, eta, beraz, «erabilera eskubidea» frogatu ezin dutenak kanpoan uzten ditu, plataformak salatu duenez

Plataformako kideek gogora ekarri dute Hego Euskal Herrian legeak ezartzen duela pertsona orok duela eskubidea eta betebeharra bizi den udalerrian erroldatzeko, haren egoera edozein dela ere. Horrela dago jasota Espainiako 7/1985 legean eta INE Espainiako Estatistika Erakundearen jarraibideetan, besteak beste. Askotariko erak daude norberaren bizilekua frogatzeko, izan argiaren fakturak, gizarte zerbitzuen txosten bat edota udaleko langileek bisitekin egiaztatzea bizitokian bizi dela pertsona hori.

Aholkularitza juridikoaren txostena

Udalaren barne protokoloarekin batera, 2019an Gasteizko Udalaren Aholkularitza Juridikoak ondutako barne txosten bat ere plazaratu dute. Dokumentu horretan, udalak agindua eman zuen errolda ukatzeko udal etxebizitzetan edo 21 Zabalgunea hirigintza agentziako etxebizitzetan legezko titulurik gabe bizi den edonori —ustez okupatuta bizi direnei edota jabetza publikoa daukan etxebizitzetan kontraturik gabe alokairuan bizi direnei—, eta, horretarako, Arabako Probintzia Auzitegiaren sententzia batean oinarritu zen. Plataformaren ustez, baina, ebazpen horrek ez du halakorik esaten, eta, gainera, zigor auzitegia izanik, ez zuen eskumenik erroldaren kudeaketaren gainean irizpideak ezartzeko. «Urrunago joan da udala, eta jabetza titulurik ez duen edonori ukatzen ari zaio errolda».

Salatu dute Gasteizko Udalak errolda «politizatu» eta «merkantilizatu»  duela, etxeen jabeen esku utziz erroldatzeko irizpideak

Plataformak gogorarazi du erroldak ematen duela modua hainbat oinarrizko eskubide izateko, hala nola hezkuntzaren, osasungintzaren, zerbitzu publikoen eta gizarte laguntzaren arloetan, eta, hortaz, adierazi dute errolda ukatzeak eragin handia duela bizilagunengan, batez ere migratzaileengan, eta «ehunka pertsonaren existentzia ukatzea» dela.

Salatu dute udalaren erabakiak errolda «politizatu» eta «merkantilizatu» duela, etxeen jabeen esku utziz erroldatzeko irizpideak. Irizpideak legez kontrakoak direla eta erabaki politiko baten ondorio direla arbuiatu dute, eta udalari exijitu diote bertan behera uzteko protokoloan erabiltzen dituen baldintza eta eskakizun «bidegabe eta ilegalak», eta erroldaren «merkantilizazioa» amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.