Gasteizko Udalak behin betiko onartu du emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza

2025eko irailaren 15ean sartuko da indarrean. Matrikulak irakurriz kontrolatuko dute autoen sarbidea, eta hiru hilabeteko egokitzapen aldia egongo da.

Gasteizko erdialdeko kale bat. JUANAN RUIZ / FOKU
Gasteizko erdialdeko kale bat. JUANAN RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2025eko martxoaren 21a
12:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Udalak behin betiko onartu du gaur emisio gutxiko eremua arautzen duen udal ordenantza, eta, beraz, irailaren 15etik aurrera ibilgailurik kutsagarrienak ezingo dira pasatu Gasteizko erdigunetik. Udal gobernua sostengatzen duten alderdien —EAJren eta PSEren— babesarekin egin du aurrera ordenantzak; EH Bildu eta Elkarrekin alderdiak abstenitu egin dira, eta PPk kontra bozkatu du.

Azken egunotan zalantzan izan da ordenantzaren onespena: izan ere, EH Bilduk salatu zuen udal gobernuak hainbat aldaketa sartu zizkiola testuari, eta koalizioak ohartarazi zuen horiek moldatu ezean ez zuela ordenantza babestuko. Elkarrizketak abiatu zituzten bi aldeek, eta ostiralean akordioa itxi zuten. Horri esker, EH Bilduk aurkeztutako hainbat aldaketa txertatu dituzte ordenantzan: auzokideen lehentasunezko eremua urtebeteko epean martxan jartzea, errentagatiko salbuespenak gainerako salbuespenak bezala tratatzea —errenta urtero justifikatzeko betebeharra kenduta—, salbuespen hori urtebetetik bi urtera luzatzea, eta seinaleak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea.

Bi fasetan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua. Lehen fasea 2025eko irailaren 15ean hasiko da, eta Alde Zaharra eta Zabalguneko hainbat kale hartuko ditu: Arriagako atea, San Ignazio Loiolakoaren kalea, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Dato kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Luis Heintz kalea, Magdalena kalea, Vicente Goikoetxea kalea, Zerkabarren kalea eta Jesusen Zerbitzarien kalea. Hasierako fase horretan, B, C, Eco edo Cero etiketa duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute eremu horretatik, eta ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuak, berriz, ezin izango dira sartu.

Bigarren fasea 2027ko irailean jarriko da martxan, eta eremua zabaldu egingo da. Kale hauek ere hartuko ditu: Ramiro Maeztu kalea, Domingo Beltran kalea eta Koroatzearen kalea. 

Matrikulak irakurtzeko sistema

Matrikulak irakurtzeko sistema automatikoaren bidez kontrolatuko dute zer ibilgailu sartzen diren emisio gutxiko eremura. Sistema hori hogeita hamar kamerak baino gehiagok osatuko dute, eta ibilgailuak eremura sartzeko ingurumen baldintzak betetzen dituen egiaztatuko dute. Informazioa DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datu basearekin kontrastatuko da; beraz, ez da beharrezkoa izango ibilgailuek pegatina agerian eramatea.

Araudi berri horretara egokitzeko prozesua errazteko, udalak hiru hilabeteko abisu epea ezarriko du ordenantza indarrean jartzen denetik. Epe horretan, murrizketak betetzen ez dituztenek jakinarazpen informatiboa baino ez dute jasoko, baina 2025eko abendutik aurrera, zigorrak aplikatzen hasiko dira.

Ordenantzan salbuespen batzuk jaso dituzte, zenbait ibilgailuri ingurumen etiketarik gabe sartzen uzteko. Salbuespen horien artean daude mugikortasun murriztua edo gaixotasun larriak dituztenen ibilgailuak, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak, garabiak, zisternak eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuk, bai eta diru sarrera txikiak dituztenen edo erretirotik gertu daudenen ibilgailuak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.