Gasteizko Animalien Babes, Defentsa eta Elkarbizitzarako Batzordea irailean bilduko da, eta gai bakarra izango du eztabaidagai: Blusa eta Nesken Eguneko asto lasterketa. Udalak berak jakinarazi du «alternatibak» aztertuko dituela. Lasterketa «polemika» iturri dela aitortu du. Ordea, erabakitzen dena eraba- kitzen dela, ez du eraginik izango aurtengo lasterketa, uztailaren 25ean.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak aurreratu du zeresana duten alde guztiak ordezkatuak egongo direla iragarritako batzordean: lasterketaren antolatzaile Blusa eta Nesken Batzordea, elkarte ekologistak eta animalistak... «Helburua irtenbideak aurkitzea izango da, datorren urteari begira», azaldu du udalak, ohar baten bidez.
Asto lasterketaren aurkako 11.000 sinadura jaso ondoren eman du udalak aipatu erabakiaren berri. ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak Change.org webgunearen bitartez bildu ditu, eta atzo eman zizkioten Urtaran alkateari, 30 albaitarik sinatutako txosten batekin batera. Txostenean, ATEAk argudiatu du animaliei estresa sortzen diela lasterketa horrek, astoentzat «iraingarria» dela, eta Gasteizko herritar askorentzat, «mingarria».
2012tik, tentsioa gora
Asto lasterketak aurkako zein aldeko iritziak izan ditu historian, baina 2012. urtetik gogortu egin dira bi aldeen jarrerak. Urte horretan, ATEAk Blusa eta Nesken Batzordea salatu zuen Gasteizko Udalean, animalien aurkako indarkeriagatik. 2013ko lasterketaren aurretik, bi aldeak bildu ziren, akordio bat egiteko; ez zen halakorik izan, ordea. Are gehiago, lasterketaren egunean bertan, udaltzainek ATEAko presidente Kepa Tamamesen aurkako salaketa jarri zuten, «ordena publikoa asaldatzea» leporatuta.
2014an blusa eta nesken astoenganako jarrera «leundu» egin zela azaldu du ATEAk, baina lasterketa egiten den bitartean tratu txarra egongo dela gaineratu du.
Gasteizko Udalak asto lasterketaren etorkizuna aztertuko du, irailean
Hamar egun barruko Blusa eta Nesken Eguneko korrikaldiari eutsi egingo dio.ATEAk lasterketaren aurkako 11.000 sinadura jaso ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu