EAJk eta PSEk akordioa lortu dute Elkarrekin taldearekin Gasteizko Udaleko 2021ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Udal gobernuak gaur goizean emango du akordioaren berri, 11:00etan, prentsaurreko batean. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak gaur goizean Euskadi Irratian aurreratu du akordioa; iragarri duenez, Gasteizko Udaleko 2021eko aurrekontuak babestuko ditu Elkarrekin-ek. Akordio horri esker, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak konpromisoa hartu du Subilla Gasteizko Armentia II hobian gas ustiapena ez baimentzeko eta etxebizitzaren alokairuen prezioak arautzeko. Gorrotxategik azaldu du akordioa «konpromiso politikoetan» oinarritzen dela.
EAJk eta PSEk ez dute gehiengoa Gasteizko Udalean, eta, gutxienez, beste talde baten abstentzioa behar dute aurrekontuak onartzeko. EAJk zazpi zinegotzi ditu, eta PSEk, sei; beraz, zinegotzi baten falta dute gehiengoa izateko. Elkarrekin taldeak hiru zinegotzi ditu. Iazko aurrekontuak ere Elkarrekin taldearekin adostu zituen gobernuak.