Euskal Herriko 150 kulturgilek jai herrikoiei buruz idatzitako gutunari erantzuna eman dio Gasteizko Txosna Batzordeak. Ohar bidez salatu dutenez, Mugimendu Sozialistak «ustezko beto politiko baten aurkako kanpaina» abiarazi du, eta horren parte da kulturgileek sinatutako gutuna. Hartan, Mugimendu Sozialistari jarritako «betoa» salatu dute, eta «konponbidea» exijitu. Gasteizko Txosna Batzordea, ordea, ez dator bat adierazpen horrekin, eta argi utzi du: «Mugimendu Sozialistaren bi talde gehiago ez sartzeko erabakia ez da beto politikoa: prozesu guztiz legitimo baten emaitza da».
Txosnek adierazi dute «zilegitasun osoa» dutela «nola eta norekin» lan egin nahi duten erabakitzeko. Hain justu, hartutako erabaki hori «elkarbizitzaren aldeko botoa» izan zela berretsi dute, «errespetuan eta konfiantzan oinarritutako talde laneko esparru batean» hartua. Ez dute inolako «aukera politikorik» debekatu: «Batzordea osatzen dugun egungo proiektu, orientazio politiko eta kulturalen aniztasunari begiratzea besterik ez dago». Izan ere, gogoratu dute Mugimendu Sozialistak baduela ordezkaritza batzordean, Ikasle Abertzaleak taldea horren parte baita.
Batzordeak 43 urte daramatza jaien alde lanean eta «borrokan». Izan ere, duela ia lau urte, hausnarketa prozesu bat abiarazi zuten, eta bertan erabaki zuten zeintzuk izango ziren taldearen helburuak: «Gasteizko Txosnen oinarri politikoekin koherentea den jarduera bultzatzea, errespetutik eta lankidetzatik abiatuta; konfiantzan oinarritutako espazio bat, espazio seguru bat bultzatzea». Batzordearen parte diren eragile guztiek hartu dute horretarako konpromisoa.
«Hurbiltze prozesu baten emaitza» da taldearen parte izatea, eta ez eskubide bat «bere horretan». Txosna Batzordearen arabera, ezinbestekoa da elkar errespetatuz konfiantza sortzea, eta prozesu hori abiarazteko jarrerarik ez du erakutsi Mugimendu Sozialistak. «Orain arte ez da horrelako prozesurik egon, ez da inolako aldaketarik egon Mugimendu Sozialistaren estrategian, etengabeko konfrontazioan eta konpromisoak aurkitzeko gaitasunik gabeko inposaketetan oinarritutako estrategian», zehaztu dute.
Konponbidea aurkitzeko prest
Irtenbidearen alde egin du Gasteizko Txosna Batzordeak. Urritik aurrera gatazka konpontzeko lanean hastea proposatu dute. «Ea Mugimendu Sozialistak gauza bera egiten duen». Argi utzi dute eragile guztiek elkarrekin hartuko dituztela erabakiak aurrerantzean, «orain arte» egin bezala. «Gasteizko jaien barruan zilegitasunez egiten dugu lan hiriko jendarteak eskatzen duen espazio alternatibo, autogestionatu, feminista eta euskalduna aurrera eramateko, eta horretan jarraituko dugu, proiektuan sinistu eta hura elikatu nahi duen ororekin».
Kulturgileek ere konponbidea eskatu zuten joan den astean aurkeztutako gutunean. Artistok Denontzako Jai Herrikoien Alde taldearen izenean argitaratu zuten, eta galdegin utz ziezaietela GKS Gazte Koordinakunde Sozialistari, Etxebizitza Sindikatuari eta Luberri konpartsari Gasteizko eta Bilboko jaietan parte hartzen. Jai herrikoien parte izateak «eskubide unibertsala» izan beharko lukeela argudiatu zuten artistek. Esan zuten euren esku zegoena egingo zutela hiru eragile horiek jaietan parte har zezaten.
Gasteizko Txosna Batzordearen hitzetan, konpromisoak eta adostasunak lortzen saiatzea «etengabeko indarra» da herri mugimenduan, baita Gasteizen ere. Hortaz, gainerako parte hartzaileak errespetatzeko gai ez direnek «prozesu horietatik kanpo jartzen duten beren burua». Era berean, gasteiztar guztiei dei egin diete, «bereziki kezka agertu duten guztiei», txosnetara joan daitezen eta aurtengo jaietan parte har dezaten.