Gasteizko Txosna Batzordeak iragarri du aurten ere txosnak jarriko dituztela

Ticket Bairekin txosnak arriskuan daudela ohartarazi zuten joan den astean, eta Arabako Aldundiari eskatu zioten erabakia bertan behera uzteko. Nahiz eta aldundiak ez duen jarrera aldatu, txosnak jarriko dituzte. Mobilizaziora deitu dute abuztuaren 3rako.

Gasteizko txosnak Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko txosnak Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko uztailaren 26a
19:55
Entzun

Astebete falta da Andre Maria Zuriaren jaietarako. Orain arte, baina, ez zegoen argi Gasteizko Txosna Batzordeak txosnak jarriko zituen edo ez. Izan ere, joan den astean ohartarazi zuten txosnak arriskuan zeudela, Arabako Foru Aldundiak Ticket Bai sistemara atxikitzera derrigortu nahi zituelako. Atzera egiteko eskatu zioten aldundiari, baina hark berretsi egin zuen aurretik erabakitakoa. Aldundiaren «borondaterik ezari» aurre eginez, hala ere, batzordeak erabaki du txosnak jarriko dituztela, «jai herrikoiak» defendatzeko.

Ohar batean eman dute erabakiaren berri, eta berretsi txosnek salbuetsita egon beharko luketela Ticket Bai sistema erabiltzetik, «jai herrikoien» berezko izaerarengatik. «Gure jarduna irabazi-asmorik gabekoa da, eta itzulpen soziala du», aldarrikatu dute. Are, adierazi dute «jai herrikoiak eta autogestionatuak» antolatzea dutela helburu, eta lan guztia «boluntarioki» egiten dela. Hori dela eta, ulertezintzat jo dute euren jarduna «enpresa pribatuekin» parekatzea: «Guk auzolana dugu oinarri, ez dirua irabaztea». Egoera salatzeko, mobilizazio batera deitu dute abuztuaren 3rako.

Aldundiaren jarrera ere kritikatu dute, eta «arduragabekeriaz» jokatu izana leporatu. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak erantzuna eman zion joan den asteko eskariari, eta esan «Ticket Bai guztiz bateragarria» dela txosnekin. Hala, berretsi zuen txosnek ere sistema jarri beharko dutela iruzurrari aurre egiteko. Hain justu, txosnek aldundiari leporatu diote iruzurraren aurkako lana «aitzakia gisa» erabiltzea. Argi utzi dute «herri mugimenduaren» defentsa egingo dutela, eta jai herrikoiak aurrera ateratzeko «moduak» bilatu, edozein «erasori» aurre eginez.

43 urteko ibilbidea

Duela 43 urte sortu zuten Gasteizko Txosna Batzordea, eta, ordutik, «milaka herritar» pasatu dira bertatik, eta «ehunka» dira antolatzen ibiltzen direnak. «Jaiei egiten diegun ekarpen kulturalaren garrantzia berebizikoa da», nabarmendu dute. Abuztuaren 3tik 9ra jarriko dituzte txosnak, eta antolatua zuten egitarauari bere horretan eutsiko diote.

Gasteizko jaietako egoera mahai gainean jartzeaz gain, salatu dute Ticket Bairen eragina nabaria izango dela beste herri askotan ere: «Salatu nahi dugu Euskal Herriko jai herrikoiak antolatzen dituzten edota irabazi-asmorik gabeko bestelako ekintzak egiten dituzten eragile eta mugimenduei eragingo diela». Jai herrikoien kontrako erasoa izango dela ikusita, horren kontra «aktibatzeko» eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.