Gasteizko Txagorritxu ospitaleko larrialdiek gainezka egin dutela salatu dute hainbat eragilek

Astelehen eta astearte goizean hamabi ordu baino gehiago itxaron behar izan zuten hainbat erabiltzailek Txagorritxuko larrialdietan. «Kolapsoa» Osakidetzaren murrizketen ondorioa dela adierazi du ELAk.

(ID_12854430) txagorritxu larrialdiak
Txagorritxu ospitalea, eta, atzean, larrialdi zerbitzuak. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko abenduaren 14a
05:05
Entzun

Astelehen eta astearte goizean Gasteizko Txagorritxu ospitalean «erabateko kolapsoa» egon zela salatu dute hainbat eragilek. Ordu luzez egon zen jendea artatua izateko zain, eta batzuek hamabi ordu baino gehiago ere itxaron behar izan zuten. Zenbaitek, gainera, lurrean eserita.

Jazotakoa Osakidetzaren kudeaketa «eskasaren» eta zerbitzuaren etengabeko «okertzearen» emaitza dela adierazi du ELA sindikatuak: «Ez da ezusteko baten ondorio izan. ELAk aspaldi ohartarazi zuen Santiago ospitaleko larrialdiak ixteak arazoak eragingo zituela».

Santiagoko larrialdi zerbitzuak 2022an ixtea erabaki zuten Araba ESIak eta Osasun Sailak, eta eragile ugariren haserrea piztu zuen horrek. Mobilizazio ugari egin zituzten langileek eta erabiltzaileek, baina ez zuten euren asmoa bete, eta, azkenean, aurreikusita zegoen bezala, Txagorritxura lekualdatu zen Santiagoko zerbitzua.

Ohikoak bilakatu dira Osakidetzaren kudeaketaren aurkako protestak, eta nonahi eta nolanahi entzun daitezke osasun zerbitzuaren aurkako kritikak. Osasun Publikoa Aurrera plataformak esan du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren «zabarkeriak» eragin duela jazotakoa, eta «onartezina» dela horrelako egoeretara iristea. Plataformak salatu du Osakidetza etengabe ari dela ahaleginak egiten osasun zerbitzu publikoa pribatizatzeko: «Urte luzez alde batera utzi dute jendea, bi zerbitzu ezartzeko nahia agerikoa izanik: ordaintzen duenarentzat, denbora; eta ordaindu ezin duenari, denborarik ez».

Osakidetzak jazotakoari erantzun bat eman zion atzo bertan, baina horrek erabiltzaile eta langileen haserrea areagotu besterik ez zuen egin. Gertatutako «kolapsoa» justifikatu zuen osasun zerbitzuak, esanez «ohikoa» dela zubi baten osteko astelehenean hori gertatzea. Ez hori bakarrik, adierazi zuten erabiltzaile gehiago biltzen direla astelehen guztietan —zubi ostekoak izan zein ez—, eta jazotakoa, beraz, «gutxitan» gertatzen zela.

San Martineko EAGa

Pil-pilean dago gaia egunotan, eta Osakidetzaren etengabeko murrizketak salatzeko mobilizazioak antolatzen ari dira sindikatu eta eragileak. Hurrengo asteazkenean, hilaren 20an, San Martineko osasun zentroaren aurrean elkarretaratzea egitera deitu dute eragileek, 17:00etan.

Izan ere, 2019an San Martin auzoko EAGa ixtea erabaki zuten Osasun Sailak eta Osakidetzak, eta larrialdietako langileen lan karga handitu zuen horrek ere, sindikatu eta eragileen esanetan. San Martingo EAGa irekitzeak egoera hobetzen lagundu dezakeela uste dute, eta, hori aldarrikatzeko, hilero biltzea erabaki dute, instituzioek euren nahiak entzun arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.