«49 urte bete dira ETAk Francoren gobernuko presidente eta armadako almirante Luis Carrero Blanco hil zuenetik». Hori da Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Carrero Blancoren hilketaren urteurrenaren harira atzo Twitterren zabaldutako mezua. Herritar ugarik «frankismoa zuritzea» eta estatuaren biktimak birbiktimizatzea leporatu diote zentroari. Izan ere, iazko mezuari aldaketa txiki batzuk egin arren, uko egin diote diktadurak egindako krimenen eta Carrero Blancoren arteko lotura egiteari.
Honela zioen duela urtebete zabaldutako mezuak: «Luis Carrero Blanco gobernuko presidente eta armadako almirantea oroitzen dugu, ETAk Madrilen hila, 1973ko abenduaren 20an». Beraz, iaz ez bezala, aurten Francisco Franco diktadorearekin lotu da Carrero Blanco, diktadura hitza bera ageri ez den arren. Gainera, aurten ez du Carrero Blanco «oroitu», haren hilketaren urteurrenaren berri eman baizik. Halere, ez mezu batean, ez bestean ez da adierazpenik egiten diktadurako goi kargudun gisa izandako rolaren inguruan. Hau da, biktimario izaera ezkutatzen da.
Hala txarretsi diote zentroari sare sozialetan ere. Esaterako, hala erantzun dio mezuari Xabier Mugarza Gogoan elkarteko kideak: «Esplizitatuko duzue almirantearen biktimario izaera? Argala terrorismoaren biktima gisa aitortuko duzue bere biktimario izaera esplizitatuta? Hala ez bada, nik, behintzat, ezin zaituztet serio hartu». «Ea noiz gogoratzen zareten Carrero Blancoren eta frankismoaren biktimez», dio beste txiolari batek.
Foro Sozial Iraunkorrak ere egin du indar afera honetan. Abuztuan, gutun bat bidali zion zentroko zuzendari Florencio Dominguezi, «estatuaren biktimen birbiktimizazio larriak» eragotzi zitzan. Kasu hartan, Meliton Manzanasen eta Clement Perreten hilketak izan zituen hizpide Foro Sozialak.
Lehena «Frantziako industrial» gisa aipatu izan du sare sozialetan, gerra zikinean izan zuen garrantzia aipatu gabe. Perret zenbait hilketarekin erlazionatu izan dute, eta epailearen aurretik ere igaro zen, baina inoiz ez zuten zigortu. Manzanasen kasuan, berriz, inspektore soil gisa gogoratu zuten, frankismo garaiko indarkerian izan zuen erantzukizuna eta dozenaka atxiloturi egin zizkien torturak aipatu gabe.