Jaiotze tasaren jaitsierak buruko min handiak ematen dizkie ikastetxeei; gero eta ume gutxiago daude, eta eskola kopuru bera. Eta ondorioak bistakoak dira: Noticias de Alava egunkariak jakinarazi duenez, Gasteizko Nazareth ikastetxe salestarrak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren maila eskaintzeari utziko dio, ume falta dela eta. Kristau Eskolako ikastetxea da. Zentroaren arabera, 332 ikasle eta 25 hezitzaile ditu.
Ikastetxea ixteko bidean jarri dezake erabakiak. Izan ere, LH3tik Batxilergora bitarteko ikasketak baino ez dituzte emango 2024-2025eko ikasturtetik aurrera. Halere, erabakiaren ondorioak pairatuko dituzten umeek lekua bermatuta edukiko dute beste eskola batean.