Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak dekretu proiektu bat onartu berri du, Gasteizko Mendietako kontserbazio bereziko eremua —KBE— 3.000 hektarea handitzeko. Orain arte dekretu batek arautzen zuen Gasteizko Mendi Garaiak izeneko KBEa, eta dekretu hori moldatzeko xedea du dekretu proiektu berriak, hain zuzen: tokia 2.227 hektareatik 5.130 hektareara handitu nahi dute. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenaren arabera, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean egin dute dekretu proiektua, eta gizarteak parte hartu ahal izan duela ere nabarmendu dute.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, 2010. urtean hasitako lana amaituko du dekretu horrek, Gasteizko Mendietako Baliabide Naturalen Antolamendurako Plana onartu baitzen urte horretan, «eremu horri ingurumen babes aproposa emateko helburuarekin». Horrez gain, adierazi dute bete egin dutela Eusko Legebiltzarrean 2021eko martxoan onartutako legez besteko proposamena.
Dekretu berriaren bidez «balio natural handiko» hainbat eremu, habitat eta espezie babestuko dituztela adierazi du Eusko Jaurlaritzak: pagadiak, erkameztiak, ameztiak, hariztiak, okil ertaina... Interes handiko habitatek KBE berriaren %61 hartuko dutela ziurtatu dute.
Jaurlaritzaren arabera, babes eremua hedatu izanak ez ditu «ekonomia eta landa garapena» mugatuko, eta ziurtatu dute giza jarduerak «ekarpen hobea» egingo diola eremuaren kontserbazioari. Gainera, Lakuak nabarmendu du horrek aukera emango duela Europako Batasuneko finantzaketa lortzeko.
Azaldu dute ez dituztela KBEaren barnean sartu ondare naturalari ekarpena egiten ez dioten eremuak —Gardelegi zabortegia eta laborantza lurrak, esaterako—, «etorkizuneko kudeaketan arazo izan daitezke eta». Ekologistak Martxan-ek pasa den apirilean adierazi zuenaren arabera, eremua ondo babesteko aukera galdu du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, elkarte ekologistak ziurtatu zuen haiek proposatutako 9.000 hektareako babes eremuak hainbat espezie berezi babestuko lituzkeela —sai zuria, arrano beltza eta hontz handia—. Horrez gain, aipatu zuten interes komunitarioko habitatek 1.500 hektarea hartuko lituzketela, eta interes komunitarioko lehentasunezko habitatek, berriz, 200 hektarea.
Azazetako parke eolikoa
Gasteizko Mendietako KBEa hedatzea ez da kontu berria, eta zenbait elkartek egitasmoaren aurkako alegazioak aurkeztu zituzten iaz. Ekologistak Martxan izan zen horietako bat. Iazko apirilean azaldu zuen «irizpide zientifikoetan oinarrituta» aurkeztu zituela alegazioak, eta KBEa 9.000 hektareara hedatzeko eskatu zuen.
Talde ekologista ez dator bat erakunde publikoek Gasteizko Mendietarako adostu duten KBEarekin. Alegazioen berri eman zuenean, adierazi zuen proiektua Eusko Jaurlaritzaren orain arteko ingurumen politika zentzugabeen adibideetako bat dela. Erabakia «beste interes» batzuei men egiten diela uste du; zehazki, Aixeindar enpresak Azazetan egingo duen parke eolikoari kalte ez egiteko asmoari. Taldearen ustez, arrazoi horregatik beragatik uko egin zion Jaurlaritzak Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeari.