Gasteizko kontzejuek alegazioak aurkeztuko dituzte Solariaren proiektuen kontra

Gasteizko Kontzeju Elkarteak salatu du «kalte larria» sortuko luketela hiru kontzejutan, eta bertako eremuaren %40 hartuko luketela.

Ekian parke fotovoltaikoa, Ribabellosan (Araba). DAVID AGUILAR / EFE
Ekian parke fotovoltaikoa, Ribabellosan (Araba). DAVID AGUILAR / EFE
jakes goikoetxea
2024ko uztailaren 6a
11:30
Entzun

Gasteizko Kontzeju Elkarteak (GKE) alegazioak aurkeztuko ditu Solariak Araban egin nahi dituen hiru planta fotovoltaikoen proiektuen kontra: Zierbena Solar 2, 3 eta 4. Alegazioak bideratzen ari da Eusko Jaurlaritzan, hiru proiektu horiei emandako aldez aurreko baimenen kontra. 

GKEren arabera, proiektu horiek «kalte larria» egingo lukete hiru kontzejutan: eremuaren %40 hartuko lukete, eta etxeetatik 500 metro baino gutxiagora egongo lirateke; horrek «lurralde plan sektoriala urratuko luke». Elkartea «oso kezkatuta» dago proiektu horiek eragin ditzaketen ondorioengatik. Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete landa eremua babestu dezatela «halako proiektu erraldoietatik». Aldez aurreko baimenak geratzeko ere eskatu dute, energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala behin betiko onartu arte. 

Solaria Eguzki Sorkuntzak planta fotovoltaikoak egin nahi ditu Araban, eta gero han sortutako argindarra Zierbenako (Bizkaia) azpiestaziora eraman nahi du, tentsio handiko ehun kilometroko linea baten bidez, han sareratzeko. Proiektuek 373 hektarea hartuko lituzkete guztira. 310.000 eguzki plaka jarriko lituzkete. Solariak 104 milioi euro inbertituko dituela esan du. 

Proiektuek Erriberabeitiari, Gasteizi, Iruña Okari eta Zigoitiari eragingo liekete. Tentsio handiko linea elektrikoa Arabako bederatzi herritatik eta Bizkaiko hamar herritatik pasatuko litzateke.

Udalak, nekazariak, diputatu nagusia...

Gasteizko Kontzeju Elkartea ez da Solariaren proiektuen kontra dagoen erakunde bakarra. Bizkaiko zenbait herri tentsio handiko argindar linearen kontra daude. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak ere auzitan jarri ditu Solariaren proiektuak, behin baino gehiagotan. Ekainaren hasieran, Arabako Batzar Nagusietan esan zuen ezen proiektuak, orduan planteatuta zeuden moduan, bideraezinak zirela, «ingurumenean eta hirigintzan duten eraginagatik»: «Proiektuak, gaur egun diseinatuta dagoen moduan behintzat, ez du ez hanka ez buru. Energia ekoizten den eta energia kontsumituko den guneak elkarrengandik urrun egoteak ez du zentzurik». 

Egoera ikusita, Solariak esan du harremanetan jarriko dela udalekin. Solariaren webgunean sartuz gero, lurrak saltzeko edo alokatzeko interesa izanez gero haiekin harremanetan jartzeko leiho bat agertzen da. Arabako nekazari batzuek salatu dute enpresak estu hartu dituela lurrak saltzeko edo alokatzeko.

Aste honetan bertan, Lurra sareak salatu du Solariaren Zierbena Solar proiektua «legez kanpokoa» dela eta hainbat «irregulartasun» dituela. Besteak beste, enpresak proiektua «zatikatu» duela, proiektuak 50 megawatteko potentziaren muga gaindituko lukeelako osorik hartuz gero, eta, beraz, Espainiako Gobernuari legokiokeelako hura onartzea, eta ez Eusko Jaurlaritzari, egitasmoa aztertzeko ardura azken horrek hartu duen arren. Solariak hiru proiektu aurkeztu ditu. Horietako bakoitzak 49,895 megawatteko potentzia izango luke. Ez luketenez 50 megawatteko muga gaindituko, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, printzipioz, horiei baimena emateko ala ukatzeko eskumena. Lurraren iritziz, ordea, proiektu bakarra osatzen dute, eta hala hartu beharko litzateke kontuan. Horregatik ohartarazi du ez dela Jaurlaritzaren eskumena proiektua aztertzea, Espainiako Gobernuarena baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.