Gasteizko kaleak hartuko dituzte «Araba salgai ez dagoela esateko»

Urriaren 26rako manifestazio «handi» bat antolatu dute Gasteizen, «Arabako lurraldea mehatxatzen duten makroproiektuen aurkako jarrera» erakusteko. Hamazazpi eragilek babestu dute deialdia.

Hainbat eragile elkartu dira gaur eguerdian, Gasteizen, manifestazioa iragartzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Hainbat eragile elkartu dira gaur eguerdian, Gasteizen, manifestazioa iragartzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko urriaren 17a
14:08
Entzun

Arabako hamazazpi natur eragilek manifestaziora deitu dute urriaren 26rako, Gasteizen, Makroproiekturik ez! Lurra defenda dezagun! lelopean. «Araba salgai ez dagoela esateko» mobilizatuko dira, Horrela Ez plataformako Marina Salbideak gaur eguerdian egindako agerpenean azaldu duenez. «Dei egiten diogu Arabako gizarteari lurraldea mehatxatzen duten makroproiektuen aurkako jarrera erakuts dezan». Manifestazioa Bilbo plazatik abiatuko da, 18:00etan.

Bost eskari dituzte: «Bertan behera gera daitezela makroproiektu guztiak, gera dadila enpresa handiek sustatzen duten harrapaketa, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak garbi helaraz diezaiotela informazioa gizarte osoari, utz diezaiotela gure lurraldearekin espekulatzeari, eta hura defendatzeko apustu garbia egin dezatela. Araban bizitzen jarraitu nahi dugu».

Salatu dute euren etxeak, herriak eta lurrak utzi beharko dituztela «kudeaketa politiko baten ondorioz». Ohartarazi dute trantsizio energetikoak, lurralde industrializazioak, etorkizunerako aurrerapenak eta halako beste kontzeptu batzuek errealitate jakin bat ezkutatzen dutela: alegia, korporazio handiak lurraldearen kontura «negozioa» egiten ari direla eta landa bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak, berriz, «lurraldetik aterarazten» ari direla, baita landa garapen iraunkorreko proiektuak «suntsitzen» ere.

Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia interpelatu dituzte: «Kudeaketa txarragatik gure herrietatik eta lurretatik kanporatuak izateko arriskuan jartzen bagaituzue, beti aurrean izango gaituzue». Eta gardentasuna eskatu diete, «proiektuak informaziorik eta errespeturik gabe» planteatzen dituztelako. «Garaiz zaudete jarrera aldatzeko. Bestela, Arabako espoliazioaren erantzule zuzenak izango zarete».

Azkenaldian Araban energia azpiegitura handi «ugari» aurkeztu direla kontatu du Salbideak, eta, horiei jada martxan diren beste asmo batzuk batuz gero, ondorioztatu dute etorkizunean ez dela lurraldean bizitzerik izango: «Administrazioak ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezala, ez guk eta ez etorkizuneko belaunaldiek ez dezagun gure lurraldea ikusi eguzki plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta». Inpaktu ekosoziala «izugarria» izango dela gaineratu dute, biodibertsitatea, laborantza lurrak, basoak eta larreak galtzearen ondorioak «oso kezkagarriak» direlako.

17

 

Manifestazioaren antolatzaileak hauek dira: Arabako Haranetako AHTrik Ez, Lautadako AHTrik Ez, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaio Bizirik, Trebiñu eta Araba Lurraren Alde elkartea, Bionekazaritza, Dikerik Ez, Gorbeialdea Defendatu, Argantzongo Horrela Ez, Gasteizko Horrela Ez, Kuartangoko Horrela ez, Arabako Haranetako Horrela Ez, Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimendua, SOS Margarita eta UAGA. «Erakundeei eta arduradun politikoei erakutsi nahi diegu gehiengoa garela lurraldea, gure herriak eta landa inguruneko bizimodua defendatzen dugunak», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.