Gasteizko jaietan emakumeen eta LGTBI kolektiboko kideen aurka egin diren erasoak salatzeko elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean mugimendu feministak. Eta halakoekiko arbuioa berritu dute han batu direnek: «Nazkatuta gaude!». Datu bat ere eman dute protestan: «Jai hauetan 11 erasoren berri izan dugu zuzenean». Andre Maria Zuriaren plazan izan da protesta, 19:30ean.
Erasoen antzemateko bideak izatea garrantzitsua izan da, gogorarazi dutenez. «Erasoen aurkako telefonoak, txosnagunean protokoloa landu izana eta kolektiboen arteko koordinazioa gako izan dira erasoak identifikatzeko», azaldu dute. Hain justu ere, Gasteizko mugimendu feministak eta Lumagorrik eraso matxistak salatzeko telefonoen berri eman zuten festen atarian. Eguneko 24 orduetan izan dira aktibo, eta jaiguneetan modu koordinatuan jardun dute bi mugimenduek. Bortxa matxista ororen gaineko gogoeta sustatzeko eta prebentzio eta disuasio lana egiteko neurriak hartu dituzte jaietara begira.
Elkarretaratzean «gizon zisheteroei» mintzatu zaizkie: «Zuen arteko konplizitatea apurtzea ezinbestekoa da erasoak identifikatu eta geldiarazteko». Gogoratu dute «inguruaren jarrera» garrantzitsua dela prebentzioaren arloan aurrera egiteko.
«Alarma sozialaren» arriskuak
Argi badute ere erasoen aurka egin behar dela, gaurko protestan ohartarazi nahi izan dute eraso horien harira usu sortzen eta hauspotzen den «alarma sozialak» alde negatiboa ere baduela. «Alarma sozialaren bidez kontrolpean izan nahi gaituzte. Eremu arrotzen eta arriskuz beteriko kaleen iruditeriak erasoen erantzukizuna gure gain jartzen du etengabe», azaldu dute. Halere, gogoratu dute eraso gehienak «ezagunek» egindakoak izaten direla, eta jai hauetan izan diren bi bortxaketa, adibidez, bortxatutakoen gertuko pertsonek egindakoak izan direla.
Protestan adierazi dutenez, jaietan eraso matxisten kontra egiteko protokoloaren bidez aurrerabideak egin dira urteotan. «Erasotzaileak kanporatzeko eta eremu seguruen alde borrokatzeko tresna izan da», esan dute. Bide horretan «antolakuntza eta autodefentsa feministak» duten garrantzia nabarmendu dute. Hain justu ere, azpimarratu dute «kolektiboki erantzuteko eta elkar zaintzeko» bidea dela.
Hori hala, «protokolo feministak lantzeko» deia egin dute: are, uste dute Gasteizko taberna eta jaigune guztiek egin beharko luketela hori. «Ezagutu ditugun eraso asko tabernetan gertatu dira, eta ezinbestekoa da horien konpromisoa, erasoak salatzen dituztenei babesa eskaintzeko», erantsi dute.
Blusen eta Nesken Batzordeak, berriz, jakinarazi du bart goizalean lau kasu izan direla. Zezenketen osteko kalejira bertan behera utzi zuten atzo, erasoen aurkako jarrera erakusteko, eta hori bera egin dute gaur.
Atxilotu bat
Iturri ofizialen bidez kasu baten berri eman da gaur. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 21 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Gasteizen. Asteartean emakume bati sexu eraso bat egitea leporatzen diote. Ertzaintzaren arabera, gizonak eta emakumeak sare sozialen bidez ezagutu zuten elkar, hitzordua jarri zuten Zabalguneko eraikin bateko trastelekuetan, eta bertan gizonak sexu erasoa egin zion emakumeari.
Ustezko erasotzailea identifikatu, eta polizia etxera joateko esan zioten atzo. Bertan atxilotu zuten, atzo arratsaldean. Epailearen esku utzi dute gaur goizean.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaur goizean zehaztu duenez, sei sexu erasoren berri izan dute. Horietatik hirutan salaketa jarri zuten. Beste hiruretan ez da salaketarik izan. Bi emakumek ez zuten salaketa jarri nahi izan; hirugarren kasua, bestalde, adingabe baten kontrako eraso bati dagokio, eta alkateak ez du zehaztasunik eman, «biktima errespetatzeko».
Kontzentrazio bat egin dute gaur goizean, erasoak salatzeko. Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariek parte hartu dute. Bost minutuko isilunea egin dute Plaza Berrian. Gero, Etxebarriak emakumeen kontrako erasoak gaitzetsi ditu, udalaren izenean. Adierazi du emakumeak «nazkatuta» daudela. Erasoek «pena» eragin diote. «Iruditzen zait batzuk oraindik ez direla konturatu Gasteizen ez dugula onartzen jokabide eta jarrera matxistarik», esan du alkateak. «Eskubidea dugu nahi dugun moduan, nahi dugunean eta nahi dugunarekin gozatzeko».