Gasteizko alkate Maider Etxebarria pozik azaldu da Andre Maria Zuriaren jaiek aurten utzi dutenarekin, nahiz eta festetan salatu diren eraso matxistak «orban handi bat» izan diren. Edonola ere, jai giroak «urrezko domina» merezi duela azpimarratu du, eta jai «olinpikoak» izan direla, parte hartzea oso handia izan baita. 130.000 lagun egon dira, ez alferrik, jaietako kontzertuetan eta bestelako ekitaldietan. Baina sexu erasoek «zaplazteko handia» eman diete jaiei, Etxebarriaren hitzetan.
Abuztuaren 3tik 9ra, Berdintasun Zerbitzuak «informazio puntu morea» jarri du, Foru plazaren alboan. 4.000 lagunek baino gehiagok jo dute zerbitzu horretara, gehienak emakumeak (%68). Bi sexu eraso salatu dituzte aurtengo jaietan, eta Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du. «Indarkeria matxista gure artean dago oraindik, eta emakumeen aurkako atentatua da hori. Ez gara nekatuko hura gaitzesteko konpromisoan».
60.000 lagun Zeledon agurtzeko
Segurtasunaren esparruan, ordea, «jai lasaiak» izan direla ziurtatu du Etxebarriak, «oso parte hartzaileak»; eta 130.000 lagunen kopuru hori azpimarratu du jai egitarauan jasotako 400 ekitaldiekin lotuz. Zeledonen jaitsieran eta igoeran, esaterako, 60.000 lagun egon ziren. Nolanahi ere, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 544 salaketa kudeatu dituzte, eta 25 pertsona atxilotu.
Bestalde, Iñaki Kerejazu Zeledon berria zoriondu du alkateak, «errelebo ezin hobea» izan delako Gorka Ortiz de Urbinarentzat. «Dena eman du, eta gure esker ona azaldu behar diogu».