Gasteizko gune autogestionatuek egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako

Urriaren 21ean ekintza ugari egingo dituzte Gasteizen, 100 urte, bakarrik ezin da! lelopean.  Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatu dituzte gune autogestionatuen «gorazarre egitera».

Egitaraua aurkeztu duten unea. BERRIA
Maixa Utrera Puelles.
2023ko urriaren 18a
12:46
Entzun

Egun osoko egitaraua antolatu dute Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak, Errekaleor Bizirik-ek eta Sumendik elkarlanean. Eskaintza «zabal eta askotarikoa» egingo dute larunbatean Gasteizko zenbait gunetan, hiriburuko gune autogestionatu eta alternatiboen 100. urteurrena aitzakia hartuta. «Urte luze hauetan aldarrikatu dugun eta egun aldarrikatzen dugun Gasteiz herriaren adibide bat osatu nahi dugu», adierazi dute.

Gasteizko Alde Zaharrean hasiko dira ekintzak. 10:00etatik 13:15era, kolektibo eta artisauen azoka egongo da Kai plazan —Halabedi parean—; 11:00etan, Zuretzako Mezua jamaikar kulturaren aldeko kolektiboa izango da. 11:00etan hasi eta goiz osoan, umeentzako gunea egongo da Etxauri plazan —Gaztetxe ondoan—. Bertan, Judimendiko herri zumba izango da 11:30ean, eta Txan magoaren ikuskizuna 12:00etan.

13:00etan, kalejira egingo dute gaztetxetik Errekaleorrera Gora okupazioa, asanblada eta autogestioa lelopean, eta Xerula eta Malandro DJek jarriko dute giroa. Errekaleorrera iristean, arratsaldeko egitaraua hasteko ekitaldia egingo dute. Horren ondoren, Sukalde Gerrillaren laguntzarekin, herri bazkaria egingo dute 300 lagun inguruk.

Arratsalde eta gaueko egitaraua Errekaleorren izango da. Umeentzako puzgarriak egongo dira, eta kolektiboen eta artisauen azoka bertara mugituko da. 20:00etan hasita, artista ugarik joko dute: Willis Drummond, Miren Narbaiza, Aitor Garcia de Bikuña, Albina Stardust, Nakar musika taldea, DJ Eromena, Ander Solozabal, Ekaitz Ubera, Lekittoko Deabruak, Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Belen Nevado, Judimendiko Joaldunak, Edurne Azkarate, Zarauzko Ginger taldea eta beste horrenbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.