Gaztetxeak

Gasteizko gaztetxeari kontzertuak egitea debekatu diote udaltzainek

Soinu teknikaria atxilotuta eraman, eta 35. urteurreneko jaiarekin ez jarraitzeko agindu diete poliziek.

Gaur arratsaldean atxiloketaren ostean egindako elkarretaratzea. HALA BEDI
2023ko apirilaren 29a
20:05
Entzun

35. urteurrena ospatzen aritu da Gasteizko gaztetxea aste honetan. Aste osoan egin dituzte ekitaldiak, eta gaur egun osoko jaia zuten antolatua. Urtero ospatu ohi dute urteurrena, baina aurten ezohiko bukaera izan du jaiak. Hala Bedi irratiaren arabera, bazkalostean udaltzainak joan dira gaztetxera, 17:30 aldera. Esan diete musika oso altu zeukatela, eta kontzertuak egitea debekatuta daukala gaztetxeak. Soinu teknikaria atxilotu dute, eta handik ordu batzuetara askatu.

Sound Riders eta Skabidean taldeak ziren kontzertua egitekoak, 19:30etik aurrera. Soinu probetan ari zen teknikaria atxilotu egin dute udaltzainek, agenteei «oldartu» zaiela leporatuta. Hala Bedi irratiaren arabera, baina, Gaztetxeko kideek adierazi dute lurrera bota eta atxilotuta eraman dutela agenteekin hitz egitera gerturatu den kidea, eta salatu dute poliziek mehatxatu egin dituztela: «Aurrera jarraitzen baduzue, guztiarekin etorriko gara, eta zaurituak egongo dira bi aldeetan». Izan ere, poliziek ohartarazi dute jaiarekin jarraituz gero debekatzera joango zirela, gaztetxeak ez duelako baimenik ezertarako.

Batzarra egin dute gaztetxean bildutakoek, eta kontzertuari eusteko asmoa agertu dute. Adierazi dutenez, ez dute polizien «erasorik» eta «jarrera autoritariorik» onartuko, eta Gasteizko Alde Zaharrean dagoen udaltzain kopurua txarretsi dute, gorantz egin duelakoan. Hala, euren jarduerekin jarraitzeko asmoa adierazi dute, «bizilagunen deskantsua errespetatuz eta auzoa zainduz». Era berean, Udaltzainen eta Gasteizko Udalaren jokabidea salatzeko elkarretaratzea egin dute 20:30ean. Dozenaka lagun bildu dira gaztetxearen atarian. Gogorarazi dute urteetan aritu dela herri mugimendua «hiriko bizilagun guztientzako aisialdi eta kultura eremu ireki bat» lantzen Gasteizen eta Alde Zaharrean, eta horren alde egitera eta espazio hori defenditzera dei egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.