Gasteizko etxegabeentzako baliabide gehiago eskatu dizkiote udalari

Inor Ez Etxerik Gabe plataformak Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Batzordean salatu du 200 pertsona inguruk kalean lo egin behar dutela eta udalaren baliabideak gainezka daudela. Udalak erantzun du baliabideak «mugatuak» direla.

Inor Ez Etxerik Gabe plataformaren elkarretaratzea Gasteizko Udaletxe parean. INOR EZ ETXERIK GABE
Inor Ez Etxerik Gabe plataformaren elkarretaratzea Gasteizko Udaletxe parean. INOR EZ ETXERIK GABE
edurne begiristain
2025eko apirilaren 7a
15:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Inor Ez Etxerik Gabe plataformako kideek kale gorrian bizi diren herritarren egoeraren berri eman dute gaur goizean Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Batzordean. Salatu dutenez, Gasteizen 200 pertsona inguruk egiten dute lo kalean gauero, eta gutxienez 65 pertsona inguru harrera zentroetan sartzeko zain daude. Horiek horrela, udalari eskatu diote etxegabeentzako baliabide gehiago jartzeko, eta «aitzakiarik» ez jartzeko bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta ematekoan.

Gasteizko Udalak 107 pertsona zenbatu ditu kalean lotan, baina plataformako ordezkariek diote gehiago direla eta ez udalak ez Arabako Foru Aldundiak ez dutela ezer egiten haien egoera konpontzeko. Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak esan du udalaren baliabideak «mugatuak» direla, ahal dutena egiten dutela arazoa konpontzeko, eta beharrezkoa dela Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere egoeraren erantzukizuna beren gain hartzea.

Zera erantzun diete plataformako kideek udal ordezkariei: «Bi bideren artean aukeratu behar duzue: pilota teilatu batetik bestera pasatzen jarraitu, edo egoerari heldu eta behar adina baliabide jarri gizarte bazterkeria jasaten duten pertsonen beharrei erantzuteko». Inor Ez Etxerik Gabe plataformako kideek uste dute baliabideak ez direla mugatuak, kontrara, «gutxiegi» direla, eta egokitu egin behar direla beharrean dauden pertsona guztiei erantzuna emateko.

2019an kanpaldia eta mozioa

Plataformako kideek batzordean salatu dutenez, udalak hamar urte daramatza «ekimenik eza» izaten gizarte bazterkeria jasaten dutenei arreta emateko. Gogorarazi dute 2019an etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldi bat egin zutela udaletxearen parean, eta mozio bat aurkeztu zutela etxegabeei arreta emateko baliabideak handitzeko eskatuz, une horretan jada gainezka zeudelako. EAJk, PSEk eta PPk mozioaren aurka bozkatu zuten, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde.

Ostean, pandemia iritsi zen, eta udalak Lakua auzoko frontoia ireki behar izan zuen kalean bizi ziren 50 bat lagun hartzeko. «Orduan esaten genuen ez genuela nahi pertsona horiek normaltasunera itzultzea, horrek esan nahi zuelako berriro kalean lo egin beharko zutela. Zoritxarrez, gaur egun esan behar dugu gure hirian 200 pertsona inguruk egiten dutela lo kalean».

Gizarte Politiken Batzordean agerraldia egin ondotik, Aitzakia gutxiago, baliabide gehiago leloa zuen pankarta hartuta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean. Adierazi dute ez dutela onartuko «pertsona bat bera ere kale gorrian» bizitzea eta aterpetxeetarako itxaron zerrendak egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.