Gasteizko erdiguneko hainbat kaletan azterketa inteligenterako bideozaintzako hamazazpi kamera jarriko ditu Gasteizko Udalak datorren urtean. Martxo aldera jarriko dituzte martxan. Udalak delituak «prebenitzeko» ondu duen estrategia berriaren lehen urratsa da, eta haren asmoa da datozen lau urteetan gisa horretako ehun kamera jartzea hirian. Gaur esleitu dio Insitel enpresari kamera horiek instalatzeko lana, 117.103 euroan. Lau hilabeteko epean ezarriko dituzte.
Bideozaintzarako kamerak azken belaunaldikoak izango dira, eta denbora errealean egoerak detektatzeko gai den bideo analisi adimentsua izango dute. Gai izango dira sor daitezkeen «anomaliak» automatikoki eta denbora errealean detektatzeko eta jakinarazteko, matrikulak irakurtzeko edo pertsonak eta ibilgailuak bereizteko. Hau da, egoerak antzeman eta automatikoki jakinaraziko dizkio Udaltzaingoari. Besteak beste, aurpegiak identifikatzeko gai izango dira.
Adimen artifiziala erabiliko dute hartarako, eta, udalak azaldu duenez, beste esparru batzuetan erabili ahal izateko informazioa emango du: merkataritzan –pertsonen joan-etorria–, kulturan –ekitaldietarako asistentzia– eta turismoan, besteak beste. Kamera gehienak buru anitzekoak izango dira, hainbat objektibokoak, aldi beran eremu zabalak zaindu ahal izateko. 360 graduko ikuspegia izango dute. Hartutako irudiak Udaltzaingoaren egoitza nagusian ikuskatuko dituzte, denbora errealean.
Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak argitu du kamerek funtzio horiek edukitzeak ez duela esan nahi «etengabe edo berehala» aplikatzen direnik; gogorarazi du «oso araudi zorrotza» dutela, eta baimena eta bermeak eskatzen dituztela. «Haren erabilerak justifikatuta egon behar du; proportzionala izan behar du, eta irudiak kontserbatzeko arauak daude».
Alde Zaharrean jarriko dituzte kamera gehienak: San Frantzisko Xabierkoaren kantoiko arrapala mekanikoetan, Bakardade kantoiko arrapala mekanikoetan, San Frantzisko aldapan, eta Mateo Benigno Moraza kalean. Toki horietan ez ezik, kamerak paratuko dituzte Plaza Berrian, udaletxerako sarbideetan eta Andre Maria Zuriaren plazan ere.
Udal gobernuaren konpromisoa da hurrengo urteetan hiri osoan jartzea bideozaintzarako kamerak, Donostia, Bilbo eta Iruñeko ereduari jarraituz.
Protesta bihar
Orain aste batzuk, Gasteizko GKSk kameren eta kontrol sozialaren aurkako kanpaina abiatu zuen, eta, biharko, kanpaina horri itxiera emateko manifestazio batera deitu du Gasteizen. 19:00etan abiatuko da, Santa Maria Plazatik. Kamerarik ez! Kontrol soziala borrokatu lelopean egingo dute manifestazioa.
Gasteizko GKSk salatu du kamera inteligenteak «kontrol sozialerako» erabiltzen direla «turismoaren eta segurtasunaren aitzakian». Ohartarazi du kontrol neurri gehiago hartu dituela udalak, eta horiek «alderdi guztien» onespena dutela. Neurri horien artean aipatu dituzte, besteak beste, udaltzain gehiago kontratatuko dituztela, udaltzainen polizia etxe berri bat zabalduko dutela, eta grafitiak kaleko hormetatik ezabatzeko kanpaina abiatu dutela. «Zaintza eta zigor mekanismo» horiek norbanakoaren intimitatearen aurka doaz, eta «langile klasearen eskubide politikoak» urratzen dituzte, GKSren arabera. Horregatik, «neurri autoritarioen aurka» borrokatzera deitu ditu gazteak.