Gasteizko Lehen Auzialdiko Hirugarren Epaitegiak ezetsi egin du Eusko Alkartasuneko ildo kritikoko kideek alderdiaren 2022ko azaroko ezohiko kongresuaren aurka jarritako salaketa, eta kostuak ordainarazi dizkie. Alderdiaren estatutuak aldatu zituen EAk kongresu hartan, eta, zuzendaritzak azaldu duenez, ebazpenarekin «berretsi» da primarioak ez direla jada EAko buruzagitza hautatzeko formula. Epaia ez da irmoa, baina ildo kritikoko kideek ez dute helegiterik aurkezteko asmorik. Izan ere, adierazi dute epai horrek ez duela indargabetzen 2019ko primarioak errepikatzeko Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua: «Erridikulua da ebazpen hau erabili nahi izatea Auzitegi Gorenaren ebazpenak baieztatzen dituen ustelkeria demokratikoko jardunen larritasuna ezkutatzeko».
EAk 2022ko otsailaren 19an eta 20an egin zuen alderdiaren XIII. Biltzar Nazionala. Batzar hartan, alderdiko estatutuak aldatu zituzten, idazkari nagusia aukeratzeko prozesutik primarioak ezabatuta. Jarraian, aldaketa baliatuz, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi izateko. Halere, erabaki horiek berresteko ezohiko kongresu bat ere egin behar izan zuten, urte bereko azaroaren 19an eta 20an, ildo kritikoko kideek otsaileko biltzarrean hartutako erabakien kontra hasitako prozesu judiziala zela medio. Haiek argudiatu zuten afiliatuen parte hartzeko eskubidea urratu zela bilkura hartan, bozketa telematikoaren erabilera ez zegoelako estatutuetan jasota.
Halere, justiziak EAk biltzar horietan hartutako erabakien alde egin du orain arte. Iazko martxoan, Gasteizko Lehen Instantziako Seigarren Epaitegiak ebatzi zuen ez zela parte hartzeko eskubiderik urratu 2022ko otsaileko biltzarrean. Kritikoek helegite bat aurkeztu zioten epaiari, baina epaitegiek uztailean jakinarazi zuten ez zutela tramiterako onartu, berandu aurkezteagatik.
Irailean, berriz, Arabako Probintzia Auzitegiko Lehen Epaitegiak uko egin zion 2022ko azaroko kongresuan hartutako erabakiak behin-behinean eteteari. Auzi horri erantzuten dio gaur EAko zuzendaritzak plazaratutako oharrak. Orduko hartan, ildo kritikoko afiliatu talde batek salatu zuen kongresurako deia ez zela modu egokian egin, eta ez zutela parte hartzeko deirik jaso. Epaimahaiak, baina, argudiatu du ez dagoela frogarik baieztatzen duenik alderdiak «kide jakin batzuk batzarrean parte hartzetik kanpo» utzi nahi izan zituela. Azaldu du agian «akats informatikoak» egon litezkeela, baina instrukzioan ez dela frogatu «fede txarrez» jokatu zenik.
Beraz, kritikoek helegiterik aurkezten ez badute, hala amaituko litzateke 2022an eginiko biltzarren eta estatutu aldaketen auzia. Ikusteko dago, ordea, harekin batera amaituko ote den 2019ko primarioena ere. Izan ere, kritikoek salatu dute auzi horren inguruko «nahasmena» ezartzea duela helburu Gasteizko epaitegiaren ebazpena plazaratu izanak.
2019ko primarioak
Primario prozesu hartan dago EAko zuzendaritzaren eta ildo kritikoko kideen arteko gatazkaren oinarria. 2017ko ohiko kongresuaren ostean, bi ildo nabarmendu ziren alderdi barruan. Batetik, ordura arteko bideari jarraipena ematearen aldekoa, Eba Blancok zuzendua. Bestetik, zuzendaritzarekin kritikoa zena, Maiorga Ramirez buru. Biak aurkeztu ziren 2019ko primarioetara. Orduan, baina, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, Ipar Euskal Herrian nahikoa abalik lortu ez zuela ebatzita. Erabaki hark Blancoren garaipena ekarri zuen, baina baita prozesu judizial baten hasiera ere.
Kritikoek auzitara jo zuten, eta Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien. Helegiteak tarteko, baina, Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen auzia, eta auzitegi hark abenduan berretsi zuen primario haietan Ramirezen eskubideak urratu zirela, eta haiek berriz egin beharra zegoela. Era berean, alderdiaren esku utzi du barne araudia egokitzeko betebeharra, «ebazpenean jasotako exijentziak errespetatzeko baldintzarekin».
Bi aldeek, ordea, egoeraren interpretazio kontrajarriak egin dituzte. EAko zuzendaritzak 2022ko kongresuen osteko jokaleku berriari erreparatu dio: «Auzitegi Gorenaren ebazpenak egun indarrean ez dagoen prozesu bati egiten dio erreferentzia». Hau da, argudiatu du estatutu aldaketen ostean jada primarioak ez direla idazkari nagusia aukeratzeko formula, eta epaitegiek ere ontzat jo dituztela aldaketa horiek. Estatutu berriaren arabera, Nazio Biltzarreko kideek bozkatuko dute hemendik aurrera idazkari nagusia nor izango den.
Ildo kritikoko kideen esanetan, berriz, primario haiek berriro egin beharko lirateke, estatutu aldaketek eta haien inguruko ebazpenek ez dutelako aldarazten Gorenak ebatzitakoa. «Etikagatik eta dezentziagatik, ezin du Eba Blancoren eta haren zuzendaritzaren berehalako dimisioa eta primario prozesu garbi bat aurrera eramateko kudeaketa talde baten eraketa ez den beste ondoriorik izan», argudiatu dute gaur, ohar bidez.
Era berean, kritikoek gogoratu dute auzitegiek bost kide alderditik kanporatu izanaren kontra ere egin dutela, eta alderdia behartu dutela haiek berriz onartzera. 2022ko otsailean, EAko Nazio Batzorde Eragileak Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa, Mikel Goenaga eta Esther Korres alderdikideei afiliazioa etetea erabaki zuen, argudiatuta frogatuta geratu zela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela». Gasteizko epaitegi batek, baina, baliogabetu egin zituen kanporatzeak. Kritikoen esanetan, ebazpenak zioen «interes gaiztoak» egon zirela erabakian. EAko zuzendaritzak, berriz, azaldu zuen «denbora eta forma akatsak» izan zirela arrazoia, eta ebazpenak ez zituela zalantzan jarri lau kideei «egotzitako gertakariak».