Gasteizko epaitegiak itxi egin du Osakidetzako oposizioen auzia

Instrukzio epailearen esanetan, hemeretzi ikertuetatik hamazazpiri dagokienez ez dago iruzurra egin zutelako zantzurik.

Galdakao-Usansoloko ospitalea, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Galdakao-Usansoloko ospitalea, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 12a
15:55
Entzun

Gasteizko Bigarren Instrukzio Epaitegiak itxi egin du Osakidetzako lan eskaintza publikoetan izandako filtrazioen auzia, eta ez da epaiketarik egingo. Argudiatu du ez dagoela zantzurik adierazteko hemeretzi ikertuetatik hamazazpik informazio filtratu zutela. Beste bi lagunen kasuan ere artxibatu egin du auzia, baina behin-behinean. Ebazpena ez da irmoa, eta hari helegitea aurkezteko aukera dago, baina, eldiario.es hedabidearen arabera, aldeek zail ikusten dute halakorik izatea, instrukzio sakon baten falta eta atzerapena direla medio.

Auzian, Angiologiako, Kardiologiako, Urologiako, Digestioko, Anestesiako, Neurofisiologiako, Neurokirurgiako, Traumatologiako eta Kirurgia Plastikoko azterketekin zerikusia izan zuten hemeretzi lagun ikertu dituzte: azterketetara aurkeztutako hautagaiak, epaimahaikideak, azterketen egileak... Baina, ebazpenaren arabera, Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Erreparatzaileko espezialitatean soilik daude filtrazioak egin zirelako edo azterketak zaintzean desleial jokatu zutelako zantzuak. Halere, kasu horretan ere ez dute aurrera egingo, ez behintzat froga gehiago aurkitu ezean.

Osakidetzako lan eskaintza publikoari lotutako auzia gorabeheraz betea egon da. 2018ko ekainean lehertu zen hura. Lehenik, Anestesia eta Angiologia espezialitateetako azterketak jarri ziren zalantzan, eta pixkanaka gainerako guztiak. Aurrez aipatutakoez gain, Medikuntza Intentsiboko, Larrialdietako, Mikrobiologiako eta Kirurgia Kardiobaskularreko azterketak ere jarri ziren ezbaian, nahiz eta horien kasuan ez den inor ikertu.

EAEko Fiskaltza izan zen ikertzen jarri zen lehena, eta hark oposizioetan iruzurra izan zela esateko zantzu argiak sumatu zituen. Hala, haren salaketa zela medio, Gasteizko epaitegiaren esku geratu zen. Han, fiskalaz gain, LAB eta ESK sindikatuak ere aurkeztu ziren, akusazio partikular gisa. Ordutik, lau epaile aritu dira instrukzioan, baina azken bi urteetan ez da aurrerapenik egin. Izatez, ez da eginbiderik egin tarte horretan.

Hala, auzibidea itxita, eta ezusterik ezean, ez da inor zigortuko filtrazio horiei lotuta, nahiz eta instrukzioan zenbait lekukok adierazi, besteak beste, azterketa batean emaitza onenak atera zituzten hautagaiek ia-ia azterketa berdinak egin zituztela, edota ia bikain erantzun zituztela galderarik zailenak.

Halere, lan eskaintza publikoen zilegitasunaren inguruko eztabaidak izan zuen eragin politikorik. Besteak beste, Jon Darpon Osasun sailburuak, Osakidetzako zuzendari nagusi Maria Jesus Mujikak, zuzendariorde Xabier Balerdik eta erakunde hartako giza baliabideen arduradun Juan Carlos Sotok dimisioa aurkeztu zuten afera honen harira. Era berean, LEPak egiteko modua ere aldatu zuen Osakidetzak, eta 2018ko uztailean bertan, jakinarazi zuen berriz egingo zituztela Kardiologia, Anestesiologia eta Angiologia espezialitatetako azterketetako ariketa batzuk.

Orain, auzia itxita, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakari Iñigo Urkullu eta EAJ pozik azaldu dira erabakiarekin. Urkulluk kritikatu du Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren aurkako «jazarpen politiko bat» egon zela, eta berak beti babestu izan zituela Darpon eta haren lantaldea, haien gardentasunean sinesten zuelako. Beste hitz batzuek erabili arren, nodabide berean mintzatu da Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen Eusko Legebiltzarreko eleduna ere. Hark «ehiza mediatiko, politiko eta sindikal» gisa definitu du auzia: «Sei urte geroago, itxi egin da auzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.