Irailaren 15etik aurrera ibilgailurik kutsagarrienak ezingo dira pasatu Gasteizko erdigunetik. Orduan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua, behin aurkeztutako alegazioak ebatzi, proposamena egokitu eta udal batzordean onartu ostean. Gaur aurkeztu dute behin betiko proposamena Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Beatriz Artolazabal alkateordeak, udaletxean. Martxoko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute, behin betiko onartzeko.
87 alegazio aurkeztu dira denera, 26 norbanakok edo elkartek egindakoak. Horietatik bederatzi onartu ditu udalak, eta lehen proposamenean txertatu. Besteak beste, emisio gutxiko eremuan bizi diren egoiliarrak automatikoki erregistratuko dira, eremuaren indarraldia eta garajeak jabetzan izateko epeak sinkronizatu egin dira, eta ibilgailu isotermikoek ez dute bereizgarririk beharko.
Emisio gutxiko eremuaren mugak ez dira aldatu. Lehen fasean, Alde Zaharra eta Zabalguneko hainbat kale hartuko ditu: Arriagako atea, San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ortiz de Zarate, Dato, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, eta Jesusen Zerbitzarien kalea. 2027. urteko irailean, eremua zabaldu egingo da, eta kale hauek ere hartuko ditu: Ramiro Maeztu, Domingo Beltran eta Koroatzearen kalea.

Egun, egoiliarrak eta horretarako baimena dutenak bakarrik sar daitezke Alde Zaharreko zenbait kaletara. Aurrerantzean ere hala izango da, baina, sartzeko, emisio gutxiko ibilgailu bat izan beharko dute.
Zehazki, B, C, Eco edo Zero etiketa beharko da emisio gutxiko eremura sartzeko. 36 kamerak kontrolatuko dute eremua, eta, hiru hilabeteko egokitzapen epearen ostean, hau da, abenduaren 15etik aurrera, araua betetzen ez dutenek 200 eurorainoko isunak ordaindu beharko dituzte. 2030. urtetik aurrera gogortu egingo dira eskakizunak, eta B motako ibilgailuak ere ezingo dira sartu. «Pegatina bistan eramatea ez da beharrezkoa izango», zehaztu du Artolazabalek. «Gasteizko Udalak DGTren datuak kontsultatu ditzake, eta badaki zein matrikulatako autoek betetzen dituzten eskakizunak eta zeinek ez».
Hamabi salbuespen ezarri dituzte. Esaterako, mugitzeko arazoak dituzten bizilagunek eta ibilgailu historiko edo «bereziek» ez dute mugarik izango. Errenta apaleko pertsona fisikoek eta eremu horretako egoiliarrak direnek ere eskatu ahalko dute salbuespena. Urtean 14.000 euro baino gutxiago irabazten dituztenek eskatu ahal izango dute baimena.
Lehen urtean, beste lau salbuespen ere izango dira. Egoiliarrek, eremu barruan dauden aparkalekuetara joan nahi duten gidariek, eremu barruan aritzen diren merkatariek, banatzaileek eta gremioek aukera izango dute askatasunez mugitzeko. Behin-behinekoak dira salbuespenok, eta urtebete iraungo dute.
Aldaketa «leuna»
Etxebarriak lasaitasuna helarazi nahi izan du. «Eragina mugatua izango da. Askotariko gobernuak aspaldi hasi ziren neurriak hartzen, eta emisio gutxiko eremuaren barruan daude kale gehienek sarrera mugatua dute jada». Alkateak gaineratu du legeak behartzen dituela emisio gutxiko eremuak ezartzera, emisioak gutxitu eta hiriguneak bizigarriago egiteko, eta azpimarratu du Gasteizek etxeko lanak aurreratuta dauzkala arlo horretan.