Gasteizko Caser zahar etxeko langile bat hil da COVID-19 gaitzaren ondorioz. ELAk eman zuen albistearen berri, atzo gauean. Sindikatuaren arabera, Arabako Diputazioak eta Osakidetzak egoitza horretako unitate batera bidaltzen dituzte mendekotasunen bat dutenak eta arreta berezia behar dutenak, eta unitate horretan lan egiten zuen, hain zuzen, zendutakoak. Gau-gaurkoz, unitate horretan 21 paziente daude, eta horietatik 20k eman dute positibo koronabirusaren proban. Egoitza horretan 30 egoiliar baino gehiago hil dira, dagoeneko, COVID-19aren ondorioz. Euskal Herrian zahar etxe batean hil den aurreneko behargina da; bai, behintzat,modu ofizialean jakinarazi dutena —sindikatu batek egin du—.
ELAk exijitu die bai enpresari eta bai Arabako Diputazioarierantzukizunez jokatu dezatela, eta plantilaren «segurtasuna eta babes neurriak» bermatu ditzatela. «Izan ere, gaur-gaurkoz, prebentzio neurriak eta babes ekipoak inondik inora ez dira nahikoa», salatu du sindikatuak. Eskatu du egoitzako langile guztiei testak egiteko.
«Osasunaren, bizitzaren eta langile guztien integritate fisikoaren defentsan», euskal gehiengo sindikalak Gasteizko zahar etxe guztietako langileak deitu ditu, gaurko, elkarretaratze batera. 12:00etan dira egitekoak, Arabako hiriburuko zaharren egoitzen sarreretan.
Foku larrienak
Koronabirusaren foku larrienak bilakatu dira zaharren egoitzak apirila hasi denez geroztik. Bizkaiko eta Nafarroako datuak eguneratu gabe daude, baina, hala ere, gutxienez 622 egoiliar hil dira koronabirusaren eraginez. Gaitzak Euskal Herrian eragin dituen heriotza guztien %40 inguru dira horiek, positibo guztien %15 baino gutxiago diren arren. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek egunero berritzen dituzte zahar etxeetan gaitzak sortutako datuak; horiei erreparatuz gero, azken astean apaltzen hasi da heriotzen kopurua, eta sendatzen ari direnak ere ugaritzen ari dira.
Sindikatuek eta langileek kezka larriz bizi dute zaharren egoitzetako egoera. Etenik gabe ari dira protokolo egokiagoak eta langileentzako babes neurriak eskatzen langileentzat. ELAk eta LABek salaketak ere aurkeztu dituzte zenbait zahar etxe babes neurriak ematera behartzeko, eta epaileek arrazoia eman diete orain arteko kasu gehienetan.
Hain zuzen, zaharren egoitzetako krisiaren aurreneko fokuak Araban bertan hasi ziren.
Koronabirusa
Gasteizko Caser zahar etxeko langile bat hil da COVID-19ak jota
Euskal Herrian zahar etxe batean zendutako lehen behargina da, ofizialki. Erantzukizunez jokatzeko eskatu die ELAk enpresari eta aldundiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu