Gasteizko blusek eta neskek Palestinaren aldeko zapi solidarioa jarriko dute salgai jaietan

Gernika-Palestina mugimenduarekin elkarlanean abiatuko dute ekinbidea. Palestinako herria jasaten ari den genozidioa salatu, eta elkartasuna adierazi nahi diote.

Gasteizko blusa eta neskek Palestinaren aldeko zapia aurkeztu dute. ANE LAZPIUR
Gasteizko blusa eta neskek Palestinaren aldeko zapia aurkeztu dute. ANE LAZPIUR
Gasteiz
2024ko uztailaren 29a
13:56
Entzun

Gasteizko blusa eta nesken kuadrillek eta Gernika-Palestina mugimenduak gaur adierazi dutenez, Andre Maria Zuriaren jaiak «alaitasunez» eta «normaltasunez» egingo dituzte; Palestinako herriaren egoera, ordea, «kritikoa» da, eta hori zabaltzeko eta jendaurrean salatu beharra ikusten dute. Horretarako, jaietarako zapi solidario bat ateratzea erabaki dute, Palestinan duten egoera ikustarazteko.

Festa giroan ez dira oso ohikoak Palestinaren aldeko elkartasun keinuak, eta zapiarenak aitzindaria izan nahi du. «Nazioartean egiten ari diren lanketa oso eskasa da, eta ez da ahots nahikorik altxatzen; beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu Euskal Herritik elkartasun aktiboaren sugarra mantentzea». 

Blusa eta nesken kuadrilletako kideak hasiak dira dagoeneko zapiak banatzen. Salgai egongo dira abuztuaren 3tik aurrera, blusen eta nesken batzordeak arratsaldeko seietan Aihotz plazan egingo duen pankartaren aurkezpena baliatuta. Alde zaharreko hainbat tabernarekin eta Gasteizko txosnekin ere harremanetan jarri dira, bertan zapia erosteko aukera egon dadin. Prezioa bost eurokoa izango da. 

Bildutako dirua Palestinako herriari laguntzeko erabiliko du Gernika-Palestina elkarteak. Orain arte, bestelako ekinbide solidarioen bidez, 35.000 euro bildu ditu elkarteak Palestinaren alde, baina ez dela nahikoa izango aitortu dute elkarteko kideek.

Gaurko agerraldian, gasteiztar guztiak animatu dituzte zapia eros dezaten. Nahiko lukete zapia Euskal Herriko beste jaietan ere salgai jartzea, eta horregatik antolatzaileei dei egiten diete ekinbidearekin bat egin dezaten. Diseinua doan jarriko dute haien esku, zapi gehiago ekoiztu eta banatu dezaten. Donostiako Piratek eta Bilboko zenbait konpartsek begi onez jaso dute ideia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.