Gasteizko BIZAN informazio bulegoak 3.500 aldiz artatu du erabiltzaileren bat lehen urtean

60 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat da, eta doakoa da. Orientazioa eskaintzen dute, eta tailerrak egiten dituzte.

BIZAN informazio bulegoaren egoitza, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
BIZAN informazio bulegoaren egoitza, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
2024ko abuztuaren 29a
15:45
Entzun

BIZAN informazio bulegoak 3.509 aldiz artatu du erabiltzaileren bat iazko uztailetik Gasteizko La Florida parkeko zentroan. Zerbitzua doakoa da, eta 60 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat da.

Orientazioa, laguntza, tailerrak eta topaketa taldeak antolatzen dituzte. Besteak beste, euskaraz eta ingelesez egindako tailerrak, adin diskriminazioaren aurkako ekintzak eta trizikloan egindako ibilaldiak antolatu dituzte.

Raimundo Ruiz de Escuderos Gasteizko Giza Politiketako zinegotziak azaldu du kontsulta gehienak eskubideei, kontsumoari, laguntzei, prestazioei eta zerbitzuei buruzkoak izan direla. Aholku juridiko eta psikologikoari, etxebizitzari, mugikortasunari eta erretiroari buruz ere galdetu dute.

Bulegoa astelehenetik ostiralera irekitzen dute urte osoan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Zentroan erabiltzaileei arreta eskaintzeko lekua, infoteka bat eta gela bat daude.

Bakardadea arintzea

Ekintzarik nabarmenena Lagunartean da, bakardadea arintzeko eta harremanak sortzeko topalekua. Urritik maiatzera egiten dute, eta 16 urte baino gehiagoko herritarrek parte har dezakete. Psikologo batek zuzentzen du. Elkarren arteko harremanak bultzatzen dituzte, bizipenak partekatzen dituzte eta aholku praktikoak ematen dizkiete, bakardadeari aurre egiteko.

BIZANeko erabiltzaileen %57 emakumeak izan dira, %31 gizonak eta %12 talde mistoak —bakarka, binaka edo taldean joan daiteke—. Batez besteko adina 68 urte izan da, eta kontsulten %9 euskaraz egin dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.