Gasteizko Olagibel kalean, Espainiako Poliziaren egoitza zaharreko harrizko horma batean —egun Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren eraikina da—, frankismoaren armarri bat egon da hamarkada luzez. Gaurtik aurrera, ordea, frankismoaren arrasto agerikorik ez da ikusiko bertan, gaur bertan armarria kendu baitute. Eraikinean zaharberritze lanak egiten ari dira, eta lehendik jarrita zegoen aldamioa baliatu dute eraikuntzako langileek armarria kentzeko. 1953tik zegoen ikur frankista hori han.
Armarria kenduta, beste ikur frankista bat geratuko da Gasteizen, Maria Sortzez Garbiaren katedralaren barruan—katedral berria ere esaten zaio— baina hark urteak daramatza oihal batekin estalita.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Marisol Garmendia armarria kentzeko lanak bertatik bertara ikustera joan da, eta komunikabideen aurrean adierazi du gaurkoa egun garrantzitsua dela hiriaren «memoria demokratikoarentzat», bai eta Francoren diktaduraren aurka eta askatasunaren alde borrokatu ziren gasteiztarrentzat ere.
Memoria historikoaren alde Espainiako Kongresuak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako legeetan jasota dago frankismoko ikurrak kendu egin behar direla eraikin publikoetatik. Garmendiak adierazi du armarria kenduta betirako desagertuko dela eraikin publiko batetik «Espainiako Konstituzioaren eta demokraziaren aurkako ikur bat». Frankismoak «askatasunak, eskubide zibilak, demokrazia, garapena eta milaka herritarren duintasuna» zapaldu zituela gogoratu du, eta hori ukatzen dutenek gorrotoa elikatzen dutela salatu.
Halaber, Espainiako Gobernuak frankismoaren biktimekin eta «memoria demokratikoarekin» engaiatuta jarraituko duela ziurtatu du.
Ikurrez gain, frankismoari lotutako pertsonak omentzen dituen kale bat bada Gasteizen: Jose Lejarreta. Francoren garaiko alkatea izan zen Lejarreta, eta, horregatik, Garmendiak Gasteizko Udalari eskatu dio kale horren izena aldatu dezala.