EH Bilduk gobernagarritasun aro berri bat zabaldu du Gasteizen, PSErekin eta EAJrekin aurrekontuak onartuta

Sei milioi euroko balioa duten zuzenketak adostu ditu sozialistekin eta jeltzaleekin. Etxebizitza gehiago eraikitzeko, trantsizio energetikoa errazteko edo euskararen erabilera bultzatzeko bideratuko da dirua.

MAIDER ETXEBARRIA ETA BEATRIZ ARTOLAZABAL
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Beatriz Artolazabal alkateordea, aurrekontu akordioa jakinarazteko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko urtarrilaren 25a
10:30
Entzun

Aurrekontuen luzapena saihestu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, EH Bildurekin akordioa eginda. Ez hori bakarrik: aro berri bat zabaldu du udalaren gobernagarritasunean, sozialisten, jeltzaleen eta subiranisten arteko itunari esker. Agintaldiko lehen aurrekontuak dira, inoizko handienak –458,9 milioi euro–, baina Iruñeko zentsura mozioaren itzalean eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako deialdiaren testuinguruan aterako ditu aurrera PSE-EEko alkateak.

EH Bilduk eman du akordioaren berri goizean. Rocio Vitero zinegotziak adierazi du koalizio subiranistaren sei milioi euroko balioa duten zuzenketak onartu dituztela sozialistek eta jeltzaleek. Bost puntu ditu akordioak: gizarte politikak, etxebizitza, enplegua, energia trantsizioa eta hizkuntza eta kultura politikak. «Gasteiztarren bizi baldintzak hobetuko dituen akordio on bat da», azpimarratu du Viterok. «Garrantzi handiko udal proiektu eta politika berriei bidea irekiko dien akordio bat». 

Hamabost proiektu biltzen dira bost puntu horietan. Besteak beste, bi milioi euro erabiliko dira etxebizitza komunitarioak eraikitzeko, eta 850.000 euro enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko. 600.000 euro jarriko dira hiriko auzoetan komunitate energetikoak sortu eta eguzki panelak jartzen laguntzeko, eta 300.000 euro bizikleten mailegu zerbitzu bat martxan jartzeko, besteak beste. Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko planak martxan jartzea ere jasotzen du akordioak. Ildo horretan, Gasteiz Euskararen Hiria egitasmoa jarriko dute martxan. «Udalerria euskalduntzeko prozesua ospatzeko eta bultzatzen jarraitzeko ekimena da», zehaztu du Viterok. Oihaneder arte sorkuntzarako zentro bilakatzeko 250.000 euroko diru sail bat ere adostu dute.

«Akordio ona da. Garrantzi handiko udal proiektu eta politika berriei bidea irekiko dien akordioa da».

ROCIO VITERO, EH Bilduko bozeramailea

Viterok nabarmendu du ez direla EH Bilduk aurkeztuko lituzkeen aurrekontuak, baina adierazi du arduraz jokatzea erabaki dutela, herritarren ongizatea hobetuko duten proposamenei bide emanez. Izan ere, gogorarazi du EH Bilduk irabazi zituela hauteskundeak Gasteizen, eta alderdi «aurrerakoiei» gobernu sendo bat eratzeko proposamena luzatu bazien ere EAJk eta PSEk nahiago izan zutela gutxiengoan gobernatu. «Gauzak beste modu batera egiteko aukera on bat galdu zen orduan», gaitzetsi du Viterok. «Lanean jarraitu dugu, halere, eta Gasteizen lehen indarra garen heinean herritarren bizi baldintzak hobetzeko proposamenak aurkeztu ditugu». Bilkideei aurkeztuko die akordio proposamena arratsaldean, berretsi dezaten.

Rocio Vitero, akordioa aurkezteko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Rocio Vitero, akordioa aurkezteko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkarrizketaren emaitza

Elkarrekin azaldu dira prentsa aretora Maider Etxebarria eta Beatriz Artolazabal, akordioaren inguruko balorazioa egiteko. Biak ala biak pozik azaldu dira udal gobernuak agintaldiko lehen aurrekontuak aurrera ateratzea lortu duelako, eta nabarmendu dute inoizko handienak izango direla, gainera. Lehentasunak Gasteiz eta gasteiztarren ongizatea direla azpimarratu dute.

Etxebarriaren hitzetan, akordioa ona da, eta gobernu taldeak aurkeztu zuen aurrekontu proposamena «indartu» egin du EH Bildurekin lortutako itunak. «Gobernu hau pozik dago», azpimarratu du alkateak. «Egonkortasuna eta konfiantza ekarriko ditu. Gasteiz aurrera doala esan daiteke». Izan ere, Etxebarriak adierazi du askok ziurtzat jotzen zutela aurrekontuen luzapena, baina elkarrizketaren eta akordioaren aldeko borondatea nagusitu dela. «Agintea hartu nuenean adierazi nuen beharrezkoak izango zirela, eta hala erakutsi dugu». 

«Gobernu hau pozik dago. Aurrekontu proposamena indartu egingo du EH Bildurekin lortutako akordioak. Egonkortasuna eta konfiantza ekarriko ditu».

MAIDER ETXEBARRIA, Gasteizko alkatea (PSE-EE)

Artolazabalek ere ontzat jo du akordioa, eta eskerrak eman dizkio EH Bilduri, «arduraz» jokatzeagatik. Zehaztu du aldea dagoela EAJren eta EH Bilduren artean, baina beste ezeren gainetik hiria defendatzeko hautua egin dutela biek ala biek: «EH Bilduren proposamenak koherenteak izan dira, eta bat datoz gure helburuekin eta edukiekin». Udal gobernuak akordioetarako borondatea duela berretsi du, eta gogorarazi du agintaldia hasi zenetik EH Bildurekin ez ezik PPrekin ere egin dituztela itunak. «Adostea batzea da. Adostasuna aniztasuna da; amore ematea da, baina baita laguntzea ere», esan du EAJko ordezkari eta alkateordeak.

Bi ordezkariek ukatu egin dute EH Bildu lehentasunezko bazkide bilakatu denik, eta adierazi dute alderdi guztiekin jarraituko dutela negoziatzen. Etxebarriak gogorarazi du aurreko legealdian Elkarrekin Podemosekin hitzartu zituztela aurrekontuak, eta, oraingoan «desadostasunak» egon badira ere, ziur da harekin ere elkar ulertzeko modua izango dutela aurrerantzean. Baita PPrekin ere. 

PP, sutan; EP, kritiko

Prentsa aretotik kanpo, udaletxe aurrean azaldu du akordioarekiko aurkakotasuna PPk. Ainhoa Domaika bozeramailea oso kritiko azaldu baita PSEren, EAJren eta EH Bilduren arteko akordioarekin. Haren hitzetan, aurrekaririk gabekoa da ituna, eta «gasteiztarrek merezi ez duten ezegonkortasuna» ekarriko du. Are, uste du lotura duela Iruñeko Udaleko zentsura mozioarekin eta Gasteiz «erradikalizatzeko» bidean jarri duela azpimarratu du. «Pedro Sanchezek ezker abertzalearekin duen akordio estrategiaren barruan kokatzen da».

Domaikak gogor egin du sozialesten aurka. Gogorarazi die popularren botoei esker izendatu zutela Etxebarria alkate, eta horri esker saihestu zutela EH Bildu agintera iristea. Horregatik, orain koalizio subiranistarekin akordioa egiteak «erabateko aldaketa» dakarrela gaitzetsi du. Nolanahi ere, inbestidura babesteko erabakiarekiko damurik ez duela adierazi du, eta ez dio aterik itxi agintaldian zehar udal gobernuarekin itunak egiteko aukerari. 

«Aurrekaririk ez duen ituna da, eta gasteiztarrek merezi ez duten ezegonkortasuna ekarriko du. Gasteiz erradikalizatzeko bidean jarri du». AINHOA 

DOMAIKA, PPren bozeramailea

Elkarrekin Podemos ere kritiko azaldu da akordioarekin, eta EH Bildurengan jarri du fokua. Garbiñe Ruiz bozeramaileak salatu du «hauteskunde giroan, bat-batean, akordiorako borondatea» azaleratu duela koalizio subiranistak. Horregatik, haren ustez «ez da kasuliatatea» ituna orain lortu izana: «Akordio honek beste helburu batzuk ezkutatzen ditu EH Bilduren partetik. Udaletxetik kanpo hartutako erabakia da, eta beste interes politiko estrategiko batzuk nagusitu dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.