Abortatzeko eskubidea

Gasteizko Askabide klinikatik gertu ere ezin izango dute protestarik egin abortuaren aurkakoek

Donostian egin moduan, Gasteizko epaile batek kautelazko neurriak hartu ditu abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenen aurka.

Mugimendu feministaren protesta Gasteizen, abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenen aurrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 25a
16:22
Entzun

BERRIAk jakin duenez, Gasteizko epaile batek kautelazko neurriak hartu ditu Askabidek Gasteizen duen klinikaren aurrean abortuaren aurka protestak egiten dituztenen aurka: aurrerantzean ezin izango dute osasun zentroa dagoen lekutik ehun metrora gerturatu. Hil hasieran Donostiako epaitegi batek hartutako erabaki bera hartu du orain Gasteizko epaitegiak, Askabidek egindako salaketa aintzat hartuta. 40 dias por la vida abortuaren aurkako elkarteko kideen aurka jarri zuten salaketa Askabide klinikako arduradunek, eta haien aurka hartu ditu kautelazko neurriak epaileak orain.

Gasteizko epaitegiaren ebazpena pozik jaso dute Askabideko kideek: «Garaipen berri bat da. Aurrera goaz, apurka», adierazi diote BERRIAri.

Abortatzera doazenei jazarpena

Hilabeteak dira Askabidek Donostian eta Gasteizen dituen kliniketara abortatzera doazen emakumeei jazartzen hasi zirela. Gasteizko klinikaren kasuan, protesta horiek ugaritu egin ziren duela bi aste: abortuaren kontrako hainbat lagun osasun zentroaren atarian elkartzen ziren ia egunero arrosarioa errezatzera, Ez zaude bakarrik, zu laguntzeko gaude dioten afixak eskuetan dituztela. Askabideko arduradunek erabaki zuten salaketa jartzea pertsona horien aurka, eta baita Donostiako klinikaren atarian biltzen direnen aurka ere.

Urteak dira jazarpena pairatzen dutela, baina orain Espainian indarrean den legediak berariaz debekatzen du halako protestak egitea, eta Askabidekoek helduleku hori baliatu nahi izan dute protesta horiek amaitzeko. Hain justu ere, joan den apirilaren 14an indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea. Haren bidez, abortatzeko erietxe batera joaten diren emakumeei jazartzen aritzen direnak zigortu nahi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.