Kafe antzokirik izango al dute Gasteizko herritarrek? Izango al du arnasteko lekurik euskalgintzak? Udal taldeak ados dira, baina proiektua mahai gainean jarri zenetik lau urte igaro dira. Tartean hauteskundeak izan dira, udal gobernua berritu da eta krisi ekonomikoa areagotu, besteak beste. Zain egoteari utzi, eta Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu dute zenbait herritarrek aurten. Sinadura bilketa batekin, udalari erakutsi nahi diote benetan beharrezkoa dela antzokia.
Kike Fernandez de Pinedo Bilduren Gasteizko udal taldearen eledunak esan du kafe antzokiaren moduko egitasmoak «beharrezkoak» direla Gasteizen; «hizkuntz normalizaziorako eta euskaldunok arnas gune duin bat izateko». Egun, lau gasteiztarretik batek badaki euskaraz, eta, beraz, uste du badela ordua «zerbait egiteko». Koalizioak beharrezko jotzen du antzokia hiriaren erdialdean egotea eta aisialdirako zein sorkuntzarako esparru izatea. Horregatik, Espainiako Bankuko eraikin ohia proposatu du; baina antzokiaren aldeko beste edozein proposamen ere «pozik» hartuko luketela zehaztu du. Alkateari eskatu diote irailaren bukaerarako epeak eta lekuak zehazteko.
Udal gobernuak azaldu du proiektuari «aurtengo udazkenean» ekiteko konpromisoa agertu zuela hiriaren egoera aztertzeko joan den ekainean egindako osoko bilkuran. «Beti izan gara kafe antzokiaren alde, baina ezin dugu oraindik aurreratu kokalekua zein izango den, erabakitzeke baitago». Udalak gaia laneko agendan duela ziurtatu dute.
Pedro Jimenez PSE-EEko prentsa aholkulariak, berriz, esan du proiektuaren «garapena eta ezaugarriak» ez dituztela ezagutzen. Aurreko agintaldian alderdiaren apustua antzokiaren aldekoa izan zela eta egun ere horretan dirauela erantsi du Jimenezek.Montehermosoko eraikina proposatu du alderdi sozialistak antzokiarentzat. Uste du proposatutako beste eraikinetan baino konpontze lan gutxiago egin beharko liratekeela bertan, merkeagoa litzatekeela. Gaineratu du udal gobernuak «eraitsi» egin duela bertako kultur proiektu osoa: «Montehermoso ez dago bizirik, eta, horregatik, kafe antzokia bertan egitea proposatzen dugu».
Gorka Urtaran EAJren udal taldearen eledunak adierazi duenez, jeltzaleen oniritzia ere badu Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektuak. «Laguntzeko prest» egongo direla gaineratu du.
Udazken honetan ikusiko da antzokia kokatzeko lekua eta finantzatzeko modua adosteko gauza diren edo egitasmoa berriz atzeratuko den.
Gasteizi kafe usaina dario
Kafe antzokiaren proiektua zehazteari udazken honetan ekiteko asmoa agertu du udalak; lekua eta finantzaketa adosteko dauzkate alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu