Asteburuan hiru gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxistarekin lotutako delituak leporatuta. Larunbat arratsaldean 33 urteko gizon bat atzeman zuten, Aranbizkarra auzoan, bikotekide ohiari eraso egin ziolakoan. Emakumeak udaltzainei azaldu zienez, gizonak egun osoa zeraman telefonoz deitzen eta mehatxu mezuak bidaltzen. Arratsean, haren oraingo bikotekidearekin zihoala, bikotekide ohiarekin topo egin zuen andreak, eta liskarretan hasi ziren bi gizonak: haiek banatzera joan zenean jasan zuen erasoa emakumeak.
Igande goizaldean ere 28 eta 34 urteko bi gizon atxilotu zituzten, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Andreak salatu zuen ukituak egin zizkiotela hainbat aldiz, eta erasoaren egileak identifikatu egin zituen; beraz, atxilo eraman zituzten udaltzainek. Biktimaren bikotekidea ere atzeman zuten, beste bi gizonei eraso egitea egotzita.
Ildo horretan, jai giroan eta herrietako festetan gertatzen ari diren sexu erasoekin kezkatuta, Emakundek bilera bat antolatu du udalekin eta Eudelekin; ostegunean izango da, Gasteizen, eta helburua izango da alorreko esku hartzeen inguruko esperientzien berri jasotzea.
Bost urteko zigorra
Haur pornografia zabaltzeagatik eta bideokonferentzietan neska adingabeen aurrean masturbatzeagatik, gizon bati bost urteko kartzela zigorra jarri dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Fiskalak hamazazpi urteko kondena eskatua zuen harentzat, baina, akusatuak egindakoa onartu duenez, bi aringarri aplikatu dizkiote: droga mendekotasuna izatea eta tratamendu psikiatrikoa abiatu izana. Era berean, gizonak ez du kartzelara joan beharko, datozen bost urteetan deliturik egiten ez badu eta tratamenduok amaitzen baditu.
Poliziak haur pornografiarekin lotutako 193 bideo eta ia 3.000 argazki aurkitu zituen gizonaren dispositiboetan. Era berean, ondorioztatu zuten sistema bat erabiltzen zuela bere ordenagailutik bideokonferentzietara sartzeko, eta adingabeen aurrean masturbatu egiten zela eta irudiok grabatu zituela.