Gasteizen 21.000 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen hiri antolamendurako plana onartuko dute bihar

Gasteizko hiri antolamendurako plan orokorra behin-behinean onetsiko du Gasteizko udalbatzak, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin-en botoekin. Datozen hamar urteetarako hirigintza eredua finkatuko du dokumentuak.

Gasteizko Hans Christian Andersen kalearen inguruan etxebizitzak eraikitzen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Gasteizko Hans Christian Andersen kalearen inguruan etxebizitzak eraikitzen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Datozen hamar urteetan Gasteizko hirigintza ereduaren gidalerroak zehaztuko dituen dokumentua onetsiko dute bihar, behin-behinean, Gasteizko udalbatzarrean. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin-ek akordioa lortu dute Gasteizko garapen urbanoa finkatuko duen plana aurrera eramateko, eta hiru taldeen aldeko botoak aski izango dira testua onesteko. 2003koa da gaur egun indarrean dagoen plana, eta, berria adostuta, hamarkada baterako hirigintza eredua finkatuko dute. Bi helburuk ardaztuko dute hiriaren diseinu berria: 21.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko dituzte, eta industriarako lurzoruaren erabilera «jasangarriagoa» sustatuko dute.

Baziren bi hamarkada baino gehiago Gasteizek lurzoruak kudeatzeko tresna nagusia eguneratu gabe zuela. Eta munta handiko plana izanik, luzea eta korapilatsua izan da bidea. Duela bi urte lortu zuen udal gobernuak Elkarrekin taldearekin oinarrizko akordio bat plana aurreratzeko, baina harrezkero alegazioetarako epeak ireki dira, eta gorabeheratsuak izan dira ondorengo negoziazioak. Aste honen hasieran baieztatu du Elkarrekin-ek bere bi zinegotzien aldeko botoa ziurtatua izango duela planak.

Udal gobernuak eta Elkarrekin-ek azpimarratu dute plan berriari esker hiria «atseginagoa, iraunkorragoa, eta lehiakorragoa» izango dela. Maider Etxebarria alkatearen arabera, hiriaren hazkundea «barrura begira» egingo da, ez da lurzoru gehiago kontsumituko, eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko plangintza malgutu egingo da.

Bihar behin-behineko onarpena jasota, espero da uda ostean behin betiko onartuko duela Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordeak. Orain arte, EH Bildu kritiko agertu da planarekin, baina ez du argitu zer bozkatuko duen; gaur jakinaraziko du bere jarrera. PPk iragarri du dokumentuaren aurka bozkatuko duela.

Etxebizitza babestuak hamar auzotan

Planak zehazten du etxebizitza berriak eraiki ahal izango direla hiriko hamar auzotan. Kopuru zehatza eman du udal gobernuak: 21.148 etxebizitza egingo dituzte, horietatik ia %75 babestuak edo tasatuak izango dira, eta gainerakoak libreak. Hedapen betean dauden auzoetan egin nahi dituzte etxebizitza berri horiek, hala nola Goikolarra, Zabalgana eta Salburua auzoetan, baina baita kontsolidatuta dauden eremuetan hutsik diren lursailetan ere —Lakuan, adibidez—. Gutxiago bada ere, Zabalgunean, Abetxukun, Judimendin, Armentian, Ali-Gobeon eta Elorriagan hutsik dauden gune batzuetan ere eraikitzeko asmoa dute.

Udal gobernuak dio hiriaren hazkundea «barrura begira» egingo dutela, lurzoru gehiago kontsumitu gabe. 21.148 etxebizitza eraikiko dituzte, eta horietatik ia %75 babestuak edo tasatuak izango dira

Planak, era berean, atea irekiko dio beheko solairuko merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeari. Horretarako, ordenantza bat onartu beharko dute baldintzak ezartzeko eta arautzeko. «Beheko solairuko etxebizitza ez da infraetxea. Eta ez du ekarriko saltokiak ixtea», argitu du Maider Etxebarria alkateak.

Etxebizitzari lotutako beste neurri bat ere jasotzen du plan orokorrak: lehendik eraikita dauden etxebizitzen zatiketa errazteko irizpide berriak jarriko dira. Hirian bertan dauden etxebizitzak bitan zatitzeko aukera mantenduko da, bizigarritasun dekretua betez, orain arte bezala. Eta berrikuntza gisa, toki erakunde txikien kasuan, gehienez lau etxebizitza sortu ahalko dira, biren ordez.

Hegoaldeko hedapenari ez

Industria lurzorua handitzeko hainbat proiektu aurreikusi ditu planak. Foronda inguruan, Mercedes-Zabalganan, Jundizen eta Miñaon, besteak beste. Arangizen ere industriarako lurzorua ezarriko dute. Udal gobernuak adierazi duenez, plan berriari esker industrialdeetan hirigintza parametroak «malgutu» egingo dira, hala nola altuera eta industria jarduera sustatzeko instalazioen erabilerak. Horrela, lursailetan eraikitzeko gaitasuna handitu nahi dute, enpresen «lehiakortasuna» handitzeko hala.

PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin taldeen arabera, planari esker Michelinenek, Mercedesek eta Basquevolt bateria elektrikoen fabrikak euren proiektuak garatzeko aukera izango dute, baina ez dute lurzoru gehiago kontsumituko.

Hamazazpi sektore urbanizagarri desklasifikatu egingo dituzte; horien artean, Lasarteko Atekoa eta Elorriaga-Arkautikoa

Bestalde, hiria hegoaldetik hedatzeko aukerari atea itxiko diote, eta hamazazpi sektore urbanizagarri desklasifikatu egingo dituzte; horien artean, Lasarteko Atekoa eta Elorriaga-Arkautikoa. Hain justu ere, Lasarteko Atearen inguruan desadostasunak agertu dituzte bizilagunek, bertan luxuzko 294 txalet eraikitzeko asmoa baitzuten, auzokideen onespenarekin.

Elkarrekin-en ustez, dokumentu berriak modua emango du «lurzoruaren kontsumo irrazionala» behin betiko geldiarazteko, haren bidez etxebizitzen zaharberritzea bultzatzen delako, etorkizuneko industria proiektuak errazten direlako, jarduera ekonomikorako erabilerak malgutzen direlako eta udalerriko landa eremua eta nekazaritza lurrak babesten direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.