Herritarren konpromisoa behar dela, eta eragileena ere bai. Horretarako hats izan da Korrika, eta mezu hori hedatu du 11 egunetan. Garesen hasi eta Euskal Herri osoa pasatu ondoren, Gasteizen ezagutaraziko dute gaur eskuz esku pasatutako lekukoak gorde duen mezua. Gamarratik sartu, eta Salburua eta Zabalganan barrena, auzoz auzo Gasteizko erdialdera egingo du Klika kateak.
Azken kilometroak egiten ari da #Korrika Gasteizen, baina oraindik ordu batzuk falta zaizkio Andra Mari Zuriaren plazara iristeko. Giro ederra Gasteizen, goizean goizetik! #Klika â¦@berriaâ© pic.twitter.com/0aAGO1pzyI
— Julen Aperribai (@julenaperribai) 2019(e)ko apirilaren 14(a)
Zeledonek ere hartu du lekukoa #Klika#Korrika â¦@berriaâ© pic.twitter.com/CsH4bpsGqf
— Julen Aperribai (@julenaperribai) 2019(e)ko apirilaren 14(a)
Kilometro berezia oraintxe, 2522a: trans kilometroa. Txalo handiak @berria#Korrikapic.twitter.com/CUpsvxhlcX
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2019(e)ko apirilaren 14(a)
Eusko Legebiltzarraren kilometroa, Bakartxo Tejeria buru. @eajpnv, @ehbildu eta @PodemosEuskadi_-ko ordezkariak lekukoaren alboan #Korrika@berriapic.twitter.com/c2u4BSOamZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2019(e)ko apirilaren 14(a)
Hiriko hainbat eragilek hartuko dute lekukoa Gasteizen; azken kilometro berezietan izango dira, besteak beste, Hekimen hedabideen elkarteko ordezkariak. Ohi denez, azken kilometroa AEK-ko arduradunek egingo dute, mezuaren egilearekin. Gasteizen amaitu zen 16. Korrika ere, 2009koa, Pirritx eta Porrotxen mezuarekin.
12:30ean egingo dute ekitaldi nagusia, baina egun osoko egitaraua prestatu dute 21. Korrikaren amaierarako. Eguerdian hasita, ekitaldiak egingo dituzte Foruen plazan, Plaza Berrian, Aihotz plazan, Landatxo kiroldegian, Buruleriak plazan, Probintzia plazan eta Posta kalean. Besteak beste, herri bazkaria, tonbola, Korrikaren ahizpen erakusketa, emakume bertsolariak, Mice eta Koban taldeak, artisauak arituko dira gune horietan, eta egun osoan zehar izango da animazioa. Korrikaren webgunean jarri dituzte xehetasun guztiak. Horra plano interaktiboa:
Ekitaldiak jarraitzeko, telebista saio bateratua ikusi ahalko da, eta irrati saio bateratua entzun ere bai. BERRIAren webgunean, Kanalduden, Infosareko tokiko telebista kateetan, Goienan, Hamaikan eta ETB2n ikusi ahalko da telebista programa, 11:30etik aurrera.
Aurkezle lanetan Ilaski Serrano eta Ekhine Atorrasagasti arituko dira; eta, kalean, berriemaile lanetan, BERRIAko Edurne Begiristain, Goienako Amaia Txintxurreta, Kanaldudeko Pantxika Maitia eta Infosareko Julen Iraola ibiliko dira. Elkarrizketatuak hauek izango dira: Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon), Aroa Arrizubieta eta Onintza Enbeita bertsolariak, Aritz Martinez de Luna Alea aldizkariko zuzendaria, Gorka Aginagalde aktorea, Karmele Jaio idazlea, Iñaki Ortiz de Villalba musikaria, Mertxe Mugika AEKren arduraduna eta Asier Amondo Korrikaren arduraduna. Azken biek 21. Korrikaren balorazioa egingo dute, baina, aurretik, aurtengo Korrikaren mezua nola irakurtzen duten ikusi ahalko da euskarazko hedabideetan eta ETB2n.