Gasteizek ere emisio gutxiko eremua izango du urtarrilaren 1etik aurrera

Ordenantza proiektua onartu du udal gobernuak, eta orain udal batzordean eztabaidatu eta osoko bilkuran onartu beharko dute. Etiketarik gabeko autoek 2027tik aurrera izango dute debekatua eremuan sartzea.

Auto pilaketa bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Auto pilaketa bat Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko urriaren 18a
16:00
Entzun

Espainiako Gobernuak onartutako legediari jarraituz, gutxinaka 50.000 biztanletik gorako Hego Euskal Herriko udalak emisio gutxiko eremuak onartzen ari dira beren udalerrien erdiguneetan. Iruñea izan zen lehena onartzen, Bilbon ere martxan da, eta Donostiak ere araudia onartu du: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egongo da martxan. Bada, Gasteizko udal gobernuak bere araudi propioaren proiektua onartu du, eta, urrats administratiboek arazorik gabe aurrera eginez gero, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ere emisio gutxiko eremu bat izango du Arabako hiriburuak. Getxo (Bizkaia), Barakaldo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa) dira lan hori atzeratuena dutenak.

Gasteizko emisio gutxiko guneak gehienbat Alde Zaharra hartuko du barne, baita zabalguneko zenbait kale ere. Kale hauek mugatuko dute eremua: Arriagako Atea, San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ortiz de Zarate, Dato, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren eta Jesusen Zerbitzarien kalea. Hiru fasetan ezarriko dute eremua: 2025 hasieratik 2027 hasierara lehena, hortik 2030 hasierara bigarrena, eta 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera azkena.

Gasteiz, emisio gutxiko eremua

Eremua mugatuko duten kaleen izkina eta bidegurutze guztietan seinaleak jarriko dituzte, eta 30 kamera baino gehiagorekin kontrolatuko dute baimenik gabeko inor sartzen den. Isunak 90 eta 200 euro artekoak izango dira, baina hasieran informazio epe bat egongo da, salaketarik jarriko ez dena.

Lehen faseko irizpideak

Hasieran, beharrezkoa ez den trafikoa ezabatu nahi du udalak. «Lehenengo fasean, bizitegi lehentasuna duen eremu batetik igarotzen den zirkulazioa ezabatzea izango da funtsezko irizpidea», azaldu du udalak, ohar bidez. Hori dela eta, eremu horretan sartu ahalko dira soilik egoiliarrak, aparkatzera doazen autoak, zerbitzu eta merkataritza establezimenduetako langileak, zamalanetarako eremua erabiltzen duten ibilgailuak, larrialdietako zerbitzuak eta mugikortasun txikikoentzako aparkalekuak erabiltzeko baimena duten autoak. Auto horietan ez da begiratuko ingurumen etiketa duten edo ez, baina sarbidea baimentzeko sisteman izena eman beharko dute aurrez.

Irizpide horiek mantendu egingo dira 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ere, baina ingurumen etiketa izan beharko dute ibilgailuek. Beraz, ezingo dira bertara sartu 2001 urtea baino lehen matrikulatutako gasolina autoak, ezta 2006aren aurretik matrikulatutako gasolio ibilgailuak ere.

2030etik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. Beraz, urte horretatik aurrera, gasolina erabiltzen duten autoek 2006tik aurrera matrikulatuak izan beharko dute, eta gasolioa erabiltzen dutenak, berriz, 2014tik aurrerakoak.

Salbuespenak

Emisio gutxiko eremuak izendatzera behartzen duen Espainiako legeak kritika asko jaso ditu hasieratik, auto zaharrak direlako kaltetuenak, eta jende askoren iritziz horrek txiroenei egiten dielako kalte. Horrez gain, emisio gutxiko eremu gehienak hirien erdiguneetan jartzen dira, eta batzuetan beste zona batzuk dira kutsatuenak. Bada, salbuespen batzuk jarriko ditu Gasteizko Udalak, errenta mailaren araberakoak gehienbat. Pertsona batek diru laguntzak lortzeko erabiltzen den errenta erreferentziaren bikoitza baino gutxiago irabazten duela frogatzen badu, etiketarik ez duen autoa erabili ahal izango du eremuaren barruan.

Horrez gain, jubilatzear diren langileek ere ez dute ingurumen etiketarik izan beharko, betiere frogatzen badute ibilgailu hori lanekoa dela, eta erretiroa hartzeko bost urte edo gutxiago geratzen zaizkiela. Ibilgailu historikoak ere sartu ahalko dira, zerbitzu publikoen ibilgailuak ere bai, eta baita emisio gutxiko eremuan aparkalekua duten maizter eta etxejabeak ere. Salbuespen horiek guztiek, baina, hiru urteko epemuga izango dute.

«Ezer inposatu gabe»

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak aurkeztu du araudi proiektua, eta esan du herritarrei «ezer inposatu gabe» egin nahi izan dutela araudiaren proposamena. Horretarako «prozesu parte hartzaile» bat egin dutela esan du.

Gainera, esan du udalaren proposamenak beste hiri batzuetan egin direnek baino «berme juridiko handiagoa» duela. Izan ere, beste leku batzuetan auzitara eraman dituzte ordenantzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.