Gasteiz inguruan bi parke eoliko egiteko baimena eskatu dute

Savanna Power Solarrek bultzatu ditu bi proiektuak; horietako bat, Enigma Green Power-ekin batera. Arabako Mendiak Aske plataformak auzi errekurtsoa jarri du Azazetako parkearen aurka. Aramaion seiehun sinadura batu dituzte Itsaraz parkearen kontra.

(ID_9193488) ELGEAKO PARKE EOLIKOA
Elgeako parke eolikoa, artxiboko irudi batean. BERRIA
Markos Tedin-Uriburu Castro - Olatz Silva Rodrigo
2024ko urtarrilaren 31
18:10
Entzun

Savanna Power Solar eta Enigma Green Power enpresek bi parke eoliko egin nahi dituzte Gasteiz inguruan, EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu denez. Guztira, 11 haize errota eraiki nahi dituzte. Parkeetako bati Vitoria deitu diote, eta Burgu, Barrundia, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan egin nahi dute. 30 megawatt eta sei haize errota izango lituzke. Savanna Power Solar enpresak bultzatu du proiektua. Bigarrena ere Savannak bultzatu du, baina Enigma Green Power enpresarekin batera. Kuartango, Zuia, Gasteiz eta Badaia herrietan egongo litzateke, eta 30 megawatt eta bost haize errota izango lituzke. Jundiz izena jarri diote.

Hain justu, beste parke eoliko baten kontrako auzi errekurtsoa jarri du Arabako Mendiak Aske elkarteak: Azazetako parke eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren aurka. Azaldu dutenez, Araban «megaproiektu eoliko eta fotovoltaiko ugari» izan dituzte. Proiektu horiek, «balio handiko eremu naturalak industrializatzea eta pribatizatzea» ez ezik, «eraginpeko landa eremuak nabarmen degradatzea» ere eragiten dute.

Elkartearen ustez, berotze globalaren ondorioak gutxitzeko irtenbideak aurkitzeko, ezinbestekoa da Lur planetako biodibertsitateari eustea, baita «lurraldeko ingurune natural eta sozialarekin bateragarriak izatea» ere. Eta Azazetako parke eolikoak ez du hori bermatuko. Haien iritziz, «trantsizio energetikorako egungo eredua» ez da bideragarria, energia berriztagarrien «makroinstalazioetan» oinarrituko baitira elektrizitatea ekoizteko, eta «aparteko materialak» beharko baitituzte.

Ingurune naturala eta soziala defendatzeko, elkarteak auzi errekurtsoa jarri du EAEko Auzitegi Nagusian. Helburua da proiektuaren eraginpeko habitatak eta inguruak babestea. Are, salatu dute Aixeindar SA enpresa «lege iruzurra» egiten ari dela: «Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak zentral independente gisa proposatzen ditu, biak mendilerro berean badaude ere eta bien artean gutxieneko tartea badute ere».

Auziari aurre egiteko, Arabako Mendiak Aske elkartea dirua biltzen hasiko da laster, Gure mendiak babesten ditugu lelopean. «Ez dugu amore emango gure ahaleginean, eta lanean jarraituko dugu gure herriak eta gure lurra ez suntsitzeko».

Aramaion ere, aurka

Bide beretik, Aramaioko herritarrak Itsaraz parke eolikoaren proiektuaren aurka azaldu dira; Norvegiako Starkraft enpresak bultzatu du proiektua. Ez gaude ados izeneko mozioa aurkeztearekin batera, 2023ko abenduan udalak eta Aramaixo Bizirik plataformak sinadurak bildu zituzten proiektuaren aurka zeudela adierazteko. Parke eolikoaren aurkako ekinaldiak Asier Agirre EH Bilduko alkatearen eta udal gobernuko kideen babesa dauka.

Atzo egindako prentsaurrekoan iragarri zutenez, 633 herritarren sinadurak bildu dituzte, eta «oso ontzat» jo dute lorpena: «Sinadura bilketa arrakastatsua izan da, eta horrek erakutsi du Aramaioko herritarrek ez dutela makroproiektu hori nahi beren mendietan, eta inondik inora ez daukala herritarren babesik». Kontuan hartu behar da Aramaion 1.400 biztanle inguru bizi direla.

(ID_13551967) (/EZEZAGUNA) argazkia
Aramaioko Udalak eta Aramaixo Bizirik plataformak atzo egindako agerraldia. BERRIA

«Ez da bidezkoa Aramaioren moduko herri txiki bati EAEko parke eoliko handiena inposatzea eta ingurumenaren ikuspegitik oso kaltebera den eremu bat guztiz txikitzea jasangarritasunaren izenean», adierazi dute udalak eta Aramaixo Bizirik plataformak prentsa ohar baten bitartez. Itsaraz proiektua bertan behera uzteko eskatu diete Starkraft eta Krean enpresei. Oharrean azaldu dutenez, herritarrek Itsaraz proiektua txarretsi dute, besteak beste karbono emisioek gora egingo dutelako aurrerantzean ere.

Udalak eta plataformak adierazi dutenez, beste zenbait herrik ere aurre egin behar izan diete halako proiektuei: «Herriaren gainera erori den zentral eolikoaren auzia ez da kontu edo arazo lokala. Aitzitik, mendialdeko herri asko eta asko zeharkatzen ditu errealitate honek».

Nahiz eta proiektu horren aurka egin, udalak berretsi du ingurumenarekin konprometituta dagoela: «Bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko, etengabeko hazkundea eta energia kontsumitzeko eredua eztabaidaren erdigunera ekarri behar dira, eta biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia eman behar zaio». Horrez gain, aipatu dute Aramaiok baliabideak eta tresnak badituela bere proiektu energetikoak aurrera eramateko. Agirrek ziurtatu du Aramaiok bestelako trantsizio energetiko baten aldeko apustua egiten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.