Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak uste du kulturgunea berehala irekitzeko ordua iritsi dela

Gasteizko Udalak eta Lazarragak astelehenean sinatu zuten akordioak «katramilatuta zegoen korapiloa askatzeko» balio izan duela uste du plataformak. Orain, baina, kulturgunea berehala irekitzean jarri du arreta: «Ez dago aitzakia gehiagorik».

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko ekainaren 14a
13:55
Entzun

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak berretsi egin du Lazarraga kultur elkarteak eta Gasteizko udal agintariek astelehenean kulturgune horren inguruan adostu zuten akordioa. Ohar baten bidez, plataformak azaldu du akordioak «azken asteotan katramilatu den korapiloa askatzeko bidea» eman duela eta «euskaltzaleentzat hain funtsezkoa den azpiegitura» irekitzeko aukera eskaini duela. Baina orain, adostasuna lortuta, kulturgunea berehala irekitzeko ordua iritsi dela azpimarratu dute plataformako kideek. «Ez dago aitzakia gehiagorik».

Plataformak beti esan du Gasteiz antzokiaren inguruko auzia udalak berak sortutako arazoa zela, eta, beraz, udalari zegokiola konponbidea ematea. «Azkenean, irtenbidea iritsi dela dirudi, baina azpimarratu behar dugu mataza libratzeko proposamena Lazarraga kultur elkarteak berak egin duela; eta ez udalak», azaldu dute. Auzia «egoera oso larrian» zegoela baieztatu dute, eta orain arte konponbide oso gutxi ikusten zituzten: bitarteko konponbidea saiatu —non alde biek kontzesioak egiteko prest egon behar zuten—, edo Lazarraga elkartearen amaiera onartu, «argi asko izanda horrekin batera Gasteiz antzokiaren egitasmoa bera guztiz ukituta geratuko zela». Azkenean, bost urteko epean ordainduko du zorra kultur elkarteak.

Lazarraga elkartearen lana nabarmendu du plataformak: «Hasieratik egin du lehen aukeraren aldeko apustua. Ardura eta erantzukizun handiz jokatu du: onartu egin du udalak esleitu dion zor eztabaidagarri hori, zeina, akordioaren bidez, bost urtean ordainduko den; baina, aldi berean, aurtengo arazoa ez errepikatzeko bermeak ere lortu ditu. Lortutako akordioa ona da euskararentzat, aisialdiarentzat, hiriarentzat eta hiritar ororentzat».

Aldebakarreko borroka

«Espero dugu orain jakinarazi zaigun akordioa ez dela izango udalak egin duen enegarren iragarpen hutsala; ez dela ezerezera etorriko, alegia». Plataformako kideek agerian utzi dute udalaren jarreraren inguruan duten iritzia. Uste dute lortu den akordioa ona dela, baina argi utzi dute proiektua aurrera eramatea «aldebakarreko borroka» izan dela, eta Lazarraga elkarteari esker irauten duela bizirik Gasteiz antzokiaren egitasmoak. «Salatu nahi dugu prozesu honetan guztian udal agintariek proiektuarekiko erakutsi dituzten utzikeria, borondate falta eta distira mediatikorako grina. Beste behin ere frogatuta geratu da nork egin duen sukaldeko lana, nork jarri duen kemena eta nork bilatu duen soil-soilik foku mediatikoa. Plataformak argi utzi nahi du lanean jarraituko dugula harik eta Gasteiz antzokia errealitate izan arte eta adi segituko dugula lortutako akordioak bete daitezen».

«Lortutako akordioa ona da euskararentzat, aisialdiarentzat, hiriarentzat eta hiritar ororentzat».

GASTEIZ ANTZOKIAREN ALDEKO PLATAFORMA

Oharraren amaieran, eskerrak eman nahi izan dizkiete Lazarraga kultur elkarteko zuzendaritza taldeko kide guztiei, azken hilabeteotan akordioetara iristeko erakutsi duten prestasunagatik. «Orobat txalotu nahi ditugu gure ekimenetara bildu diren herritar eta kultur sortzaile guztiak. Guztiei, mila esker, bihotz-bihotzez. Zuen kemenik gabe nekez lortuko genukeen egoera honetara iristea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.