Elkarbizitzatik hasi dira Gasteiz Anitzako kideak, elkarbizitzara iristeko. «Hori da helburua», diote. «Gasteizko auzoetan ditugun arazo ugariak ikusita, gure planteamendua zera da: tentsio handiko koexistentziatik bizikidetzara pasatzea, bertan bizi garenen arteko konexio sozialak eraikiz», azaldu dute Mikel Suso eta Hafsa Tahir bozeramaileek, udaletxeko arkupeetan gaur goizean egin duten agerraldian.
Gasteizko auzo elkarte gehientsuenek eta hainbat gizarte eragilek —Harrera Sarea, Mugimendu Feminista, etxebizitzaren arazoa lantzen duten hainbat elkarte, talde antirrazistak, antifaxistak...— indarrak batu dituzte Gasteiz Anitza taldean. Auzoetan dituzten arazoak beste era batera konpontzeko nahiak elkartu ditu. «Auzokideok ondoan ditugun auzokideengatik kezkatzen garen» sistema bat proposatu dute. «Inor kriminalizatu gabe eta elkarbizitza beharrei eta arazoei erroetatik helduz. Auzokideak inplikatzea nahi dugu auzokideen arazoak konpontzeko».
«Auzokideok ardura hartu behar dugu gure auzoetan izaten diren arazoak konpontzeko», esan du Susok. Baina aitortu du jakitun direla eurek soilik nekez lortuko dutela korapilorik askatzea, eta Gasteizko Udala eta gizarte eragileak interpelatu ditu. «Konpromisoak ez ezik, har ditzagun ardurak, herritar guztien parte hartzea sustatu eta bermatzeko».
Gasteizko Bizikidetzaren eta Aniztasunaren bigarren plana errespetatzeko eskatu dute. Bertan, «hiri justu, inklusibo, seguru, jasangarri eta demokratiko bat» lortzeko pertsona guztiek bizi baldintza «duinak» izan behar dituztela aipatzen da, «batez ere, sistemak ziurgabetasun egoera batera baztertzen dituztenek».
Santiagoko auzia, «amaitzeko bidean»
Santiago Etorbidean okupatutako lokalaren aferan esku hartu dutela ere kontatu dute Gasteiz Anitzakoek. Proposatutakoa aplikatuta «elkarbizitza arazoak amaitzeko bidea hartu duela» aurreratu du Susok.
Etxebizitza blokeko bizilagunekin eta lokalean bizitzen hasi diren gazteekin hitz egin zutela azaldu du, eta jabetu zirela guztien nahia berdina zela: bizitzeko toki «duina» izatea. «Auzokideon arteko antolaketa eta elkartasunari esker, bide eman zaio auzia beste era batera eta arrakastaz konpontzeari. Gazteen egoerak zaurgarria izaten jarraitzen duen arren, haien bideari duintasunez jarraitzeko bultzada eta babesa jaso dute», iragarri du bozeramaileak.
Instituzioei kargu hartu die. Haien laguntzarik ez dutela izan salatu du Gasteiz Anitzak. Zerbitzu publikoen maila «erabat eskasa» izan dela adierazi dute, eta «sare zabala eta eraginkorra» eskatu dute.
Udaletxe barruan zeudela, Santiago Etorbideko 20. zenbakiko bizilagunek hitza hartu dute Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako batzordean. Juncal Ruiz bizilagunen bozeramaileak agintariei neurriak hartzeko eskatu die, eta irtenbide «duina» lortzeko lan egin dezatela. «Inork ez du horrela bizi nahi».
«Bilatu beste aukera batzuk haien bizimodua eta, bide batez, gainerako bizilagunena hobetu ahal izateko». Luis Eduardo Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak erantzun die lanean ari direla horretarako. Oposizioko alderdiak ere bat etorri dira: gazteek ezin dute okupatutako lokalean jarraitu; alabaina, iritzi kontrajarriak dituzte eman beharreko irtenbideari dagokionez.
Gasteiz Anitzak salatu du «biderkatu» egin direla «egoera zaurgarrian dauden pertsonen aurkako diskurtso baztertzaileak». «Estereotipo okerrek eta segurtasunik ezaren aitzakiak» hauspotuta mezu arrazistak «ohikoak» bihurtu direla ohartarazi dute Mikel Suso eta Hafsa Tahir Gasteiz Anitza taldeko eledunek.Mezu baztertzaileak, «ohikoak»
Eskuineko alderdien eta hainbat komunikabideren joera ere txarretsi dute, izenik esan gabe. Euren interesen mesedetan bazterrak nahastea eta beldurra zabaltzea leporatu diete.