Gasolioa garesti, bizimodua zail

Gidariek ez ezik, petrolioaren prezioen gorakada etengabeari kezka handiz begiratzen diote garraiolariek eta arrantzaleek, ekoizpen kostu guztien %40 dagozkiolako erregaiari.

2008ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gasolioaren garestitzea ez da azken asteotako kontua. «Aspalditik dator, eta etengabea da». Hiru garraiolarien sindikatuko Komunikazio arduradun Estitxu Ugarterenak dira hitzok. Ohartarazi du langile autonomoek gero eta arazo gehiago dituztela negozioari eusteko. «Egoera jasanezina da». Ez bakarrik garraiolarientzat. Arrantzaleentzat eta nekazarientzat ere bai. Erregaia lan egiteko ezinbestekoa duen edonorentzat. Petrolioaren deribatu guztien prezioak ari dira igotzen, baina gasolioarena batik bat. Eta, Hego Euskal Herrian, gasolina baino garestiago dago: 1,12 euro litroko.

Batez besteko prezioa da hori. Gasolindegi batetik bestera gora-beherak daude, baina denetan ala denetan gasolinari aurre hartu berri dio gasolioak. Gidarientzat ez da buruhauste makala: urtarril hasieratik hona %21 garestitu da hamar ibilgailutik zazpik kontsumitzen duten erregaia. Diesel motorra aukeratzeak hiru abantaila nagusi zeuzkan lehen. Ibilgailua garestiago erosi, bai, baina motorrak luzaroago irauten zuen, gutxiago kontsumitzen zuen, eta, batez ere, gasolioa askoz merkeagoa zen. Bi sosetan zegoen -gasolinaren aldean betiere-. Urteak igaro ahala, ordea, prezioak parekatuz joan dira, eta gasolioa garestiago dago une honetan:gasolina baino 2-3 zentimo garestiago.

Aditu gehienen hitzetan, gasolio eskaintza murritza dago prezioen gorakada biziaren muinean. Gasolindegietan ez dago gasolina adina gasolio mota, alde batetik. Eta eskaria haziz doa urtez urte, beste aldetik. Hego Euskal Herrian, erregai kontsumo osoaren %75 pasatxo dagokio gasolioari. Ipar Euskal Herrian ere antzekoa da portzentaje hori. Han, ordea, gasolina baino merkeago da oraindik: gasolio litroak 1,26 euro balio ditu;gasolina litroak 1,35. Espainiako eta Frantziako gobernuek kontrolatzen dituzte salneurriak, hein handi batean.

Erregaiak Euskal Herri osoan antzeko prezioa du zergak erantsi aurretik. Behin zergak erantsita, garestiago da Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Gasolioa, baina, beste lau herrialdeetan garestitu da gehien azken urteotan. Eta, besteak beste, garraiolariak «egoera larrian» daude.



«INOLAKO LAGUNTZARIK EZ». Hiru sindikatuko Komunikazio arduradunak azaldu dugarraiolarien ekoizpen kostuen %40 dela erregaia. Ehunka litro kontsumitzen dituzte astero, eta «gero eta kezkatuago eta haserreago» daude.

Brent petrolio upela 100 dolarren bueltan dabil aspalditik, eta garestitzeari aurre egiteko laguntzak jaso dituzte hainbat sektorek. «Garraiolariek ez. Inolako babesik ez dugu Administrazioaren aldetik». Sektorearen egoera larriari ez ikusiarena egitea egotzi die Ugartek agintari politikoei. «Kalitateko garraiogintza nahi dutela diote behin eta berriz, baina ez gaituzte ezertarako aintzat hartzen. Existituko ez bagina bezala jokatzen dute administrazioek».

Dioenez, «enpresa handiei barra-barra ematen diete dirua Euskal Herrira etor daitezen». Garraiolari autonomo txikiek, aldiz, inolako laguntzarik ez dute. Eta gasolioaren prezioa gora eta gora doan honetan, nekez ateratzen dute bizimodua.

Petrolio upela %70 garestitu da urtebetean. Erregaiaren garestitzea ez da horrenbestekoa izan, baina lanerako zenbat eta erregai gehiago behar izan, are txikiagoak dira irabaziak, eta are handiagoa langile askoren kezka.



Jaime tejedor Gipuzkoako Baxurako Arrantza Kofradien presidentea

«Ezin dugu erregai gastua murriztu, ezin gara arrantzara belaontzian joan»





i. o.

Bilbo

Baxurako arrantzaleek makina bat kezka daukate une honetan:antxoa falta, berdelaren inguruko gorabeherak, hegaluzearen prezio apala eta, azken hileotan bereziki, erregaiaren garestitzea. Ontziek urtero milaka eta milaka litro kontsumitzen dituztela eta petrolioak laster «hondamendia» eragin dezakeela ohartarazi du Gipuzkoako kofradien presidente Jaime Tejedorrek.

Ontzien ekoizpen kostuen portzentajerik handiena gasolioari dagokio.

Bai, hala da. Kostu guztien %40 eragiten ditu erregaiak. Eta gastu hori nekez murriztu dezakegu. Ezin gara arrantzara belaontzi edo traineru batean joan. Gasolio asko behar dugu. Joan-etorri asko egin behar ditugu, eta petrolioa gero eta garestiago da. 90 dolarren bueltan zebilenean ohartarazi nuen euskal ontzien egoera gero eta zailagoa zela. Orain, petrolio upela 100 dolarren bueltan dabil. Laster 110 dolarren bueltan.

Gero eta arazo larriagoa da.

Baxurako ontzi normal batek bederatzi hilabete eman ohi ditu itsasoan arrantzan, eta, tarte horretan, 300.000 litro ere kontsumi ditzake. Guk gasolio profesionala daukagu, bai, baina igoera ikaragarria izan da. Litroko 0,20 bat euro pagatzen genituen 2005ean. Orain, aldiz, litroko 0,60 ia-ia. Eta, hori gutxi balitz bezala, ezin dugu ekoizpen kostuen gorakada orekatu. Ezin dugu arraina garestiago saldu, erosle handiek finkatzen baitituzte salneurriak.

Zein da konponbidea, beraz?

Ez dugu diru laguntzarik nahi:behin-behineko konponbidea besterik ez litzateke hori. Behingoz gehiegizko inportazioak kontrolatzea da gakoa. Arrain larregi ekartzen dute merkatari handiek kanpotik, eta prezioak behe-behean daude. Inportazioak gutxituta, gora joko lukete prezioek, eta petrolio garestiaren ondorioak samurragoak lirateke.

Arraina garestiago saldu ezean, zer gerta daiteke?

Ontzi askok men egin dezakete. Ontzijabeek maileguak eskatu zituzten 2005eko krisiari aurre egiteko, eta mailegu horiek ordaindu ezinik dabiltza zenbait.



 

ZENBAKIA

%21





Garestitze azkarra. Brent petrolio upelaren prezioa %70 igo da iazko martxotik hona. Erregaia ez da hainbeste garestitu -gasolioa %21 urtarriletik-, baina behargin askorentzat buruhauste itzela da ekoizpen kostuen gorakada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.