Gas putzuen geroa, auzitan

Subilla Gasteizko Armentia II putzua esploratzeko baimena eskatua du Jaurlaritzak; Gasteizko Udalak ez du onartu. Oposizioak eta eragileek hasieratik egin dute aurka.

Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizko eremuan egin nahi du Armentia II putzua, eta Gasteizko Udalarena da jabetza. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Subilla Gasteizko Armentia II putzua zulatzeko asmoak hedabideen goiburuetara itzuli dira azken asteetan. Talde politiko gehienek instituzioetan ezetz esan diote proiektuari, eragileak ere aurka agertu dira, eta Gasteizko Udaleko aurrekontuak arriskuan jarri ditu eztabaidak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Armentia II putzuan gas ustiapenak egiteko baimena eskatu zuen 2016an, SHESA Euskadiko Hidrokarburoak enpresa publikoaren eskutik, baina udalari zegokion oniritzia ematea, haren jabetzakoa baita eremua. 1997an ere zundaketa batzuk egin zituzten leku berean, Armentia I putzuan, baina Aitor Lopez Berriztu mugimenduko partaideak adierazi du «errentagarritasunik gabeko» proiektua izan zela. Beraz, auzian gutxienez hiru eragile daude: Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala eta Espainiako Gobernua. Eztabaidaren oinarrian, berriz, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi bezala, klima larrialdia dago, baita premiazko neurriak hartu beharra ere, trantsizio energetikoak energia berriztagarrien alde egin behar duela lehenetsita. Hainbat astetako ika-mikaren ondoren, baimena bertan behera uztea erabaki zuen herenegun Gasteizko Udalak.

Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, txosten teknikoen arabera, lizentzia ez litzateke bat etorriko Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, eremu horretan ezin delako halako jarduerarik egin. Dena den, horrek ez du esan nahi gainerako tokietan egin ezin daitezkeenik, erabakiak soilik Armentia II putzuari eragiten baitio. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak, ordea, beste iritzi bat agertu zuen atzo, baimena ez ematearen balorazioa egitean; proiektuak Espainiako Ingurumen Ministerioaren baimena duela 2019tik eta, beraz, gasa ote dagoen esploratzeko zundaketek baldintzak betetzen dituztela. Erantsi zuen proiektuaren sustatzaileekin hitz egingo dutela: «Proiektu horren bazkideok eseri egin behar dugu, eta aukerak aztertu, ingurumen baimenak duen premisatik abiatuta; baliteke gaia hemen ez geratzea».

Eztabaida erakundeetan

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere agerraldi bat egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Haren ustez, Gasteizko Udala proiektuaren defentsan «tematuta» egon da, nahiz eta aurrez ere bazekien lizentzia emateak «prebarikazioaren eremu arriskutsu eta labainkorrean» sartzea eragin zezakeela: «EAJ bakarrik gelditu da gehiengo sozial, tekniko eta politikoaren aurrean». Urtaranen erabakiari helegiterik ez jartzeko eskatu du, eta «zentzurik gabeko abentura» bertan behera uzteko. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazi du erabakia «garrantzitsua» dela, baina kezkatuta dagoela EAEko aurrekontu proiektuan 6,8 milioi euro aurreikusi dituztelako Viuran [Espainia] beste gas putzu bat ustiatzeko. Haren arabera, horrek erakusten du Jaurlaritzak erregai fosilen aldeko «apustu irmoa» egiten duela.

Hain zuzen, EH Bilduk eraman zuen gaia legebiltzarrera hil hasieran, eta mozio bat aurkeztu zuen Elkarrekin Podemosekin. Hiru ziren eskariak: SHESA desegitea, energia fosiletan inbertitzeari uztea eta energia berriztagarrien alde egitea. PP abstenitu egin zen, eta Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, azaldu zuten gasa trantsiziorako energia bat dela eta, oraingoz, beharrezkotzat daukatela. 2021eko aurrekontuei buruzko azalpenak ere eman ditu Tapiak, eta ohartarazi du ez dutela gas ustiapena gehiago egiteko baimenik eskatuko, baina indarrean daudenekin aurrera segituko dutela. Sozialistek, ordea, aitortu dute gaia berriro eztabaidatuko balitz iritzia aldatuko luketela.

Gasteizko Udalean ere oposizioak hasieratik errefusatu du proiektua, eta, gainera, aurrekontuak jokoan egon dira, Elkarrekin Podemosek uko egin baitio negoziatzeari, Urtaranek baimena ukatu ezean; alkatearen erabakiaren ostean, koalizioa prest agertu da aurrekontuen negoziazioei berrekiteko. Izan ere, Oscar Fernandez EPko zinegotziaren arabera, horrelako proiektu batek «hiriaren etorkizun energetikoa hipotekatuko» luke; beraz, uste du energia berriztagarrien inplementazio «masiboak» izan beharko lukeela oinarria: «Iraganeko energia erabili nahi dute, erregai fosilak, eta ingurumenerako kaltegarriak direnak». Besteak beste, eremu horren azpian akuifero bat dago, inguruko zenbait herri urez hornitzen dituena. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziaren ustez, berriz, sinatuta daude klima larrialdiaz ohartarazten duten adierazpen instituzionalak, eta bide horretan egin behar dira urratsak. Halere, orain arte aurkakoa gertatu dela adierazi du: «Ez dakigu zeintzuk diren interesak, baina ez zaio nazioartean zehaztutako bideari jarraitu, ezta herritarren hitza gogoan hartu ere».

Ildo horretan, Aitor Lopezek gogora ekarri du herri galdeketa bat egitea proposatu zutela 2018an, baina bertan behera gelditu zela, EAJk eta PSE-EEk baztertu egin zutelako. Haren arabera, udaletxeak jarrera «antidemokratikoa» izan du, nahiz eta herritar zenbaitek eskatu duten «diru publikoa xahutzeari uzteko, Araban gasa esploratzeko plana bertan behera lagatzeko eta SHESA desegiteko». Gainera, nabarmendu du Araban gasa erauzteko proiektuari aurre egiteko plataformak urteak daramatzala azaltzen hiriko plan orokorrak ez duela proiektua baimentzen.

Legeak, martxan

Energia eredua auzitan dagoen bitartean, Espainiako Gobernua Klima Aldaketarako eta Trantsizio Energetikorako legea lantzen ari da, eta horrek propio jasoko du gasa ustiatzeko debekua. Hain zuzen, Armentia II putzuaren eztabaida Espainiako Kongresura ere iritsi zen orain dela bi aste, Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatuak proiektua bertan behera uzteko eskatu baitzuen. Haren arabera, trantsizio energetikoan, «eredu iraunkor bat» egon behar da erdigunean, eta gasaren kontsumoa «progresiboki» murriztu behar da. Gainera, EAJ ere interpelatu izan du. Uste du jeltzaleek «presa» izan dutela gasa ustiatzeko baimenak lortzeko, legea onartzen denean ezingo dutelako aurrera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.