Ba al dago garuna barrutik bertatik sendatzerik? Isabel Fariñas biologoak ez zuen baiezko biribilik bota, baina, hala izatekotan, bidea nondik urratuko den azaldu zien asteazkenean Abandoibarrako Bizkaia aretora bildu ziren entzuleei. Fariñas Biologia Molekularreko katedraduna da Valentziako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak), eta Achucarro neurozientzia zentroak gonbidatuta eman zuen hitzaldia Bilbon, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren laguntzaz.
Parkinsona adibide hartuta abiatu zuen hitzaldia Fariñasek. Gaitz horrek neurona dopaminergikoak eta neurotransmisoreak jotzen ditu bete-betean. Izan ere, diagnostikoa egiterako beranduegi da, horietako asko hilda baitaude ordurako. «Terapia neurobabesleekin lan egin ahal izango genuke berez, baina diagnostiko goiztiarrik egiteko modurik ez dugunez, beranduegi izaten da. Horregatik, gaitz hauetarako dugun terapia ordezkapenean datza», azaldu zuen.
Parkinsonaren erruz galdutako dopamina garunari neurri batean itzultzea da gakoa. Horrek ez du gaitza sendaraziko, baina haren garapena leuntzen lagundu dezake. Fariñasek esan bezala, zelulen transplantea da helburu hori lortzeko ikertzen ari diren metodoetako bat: «Galdu diren neuronen multzoa oso mota zehatzekoa denez, dopamina jariatzen duten zelula jakin batzuk transplantatu genitzake».
Hain zuzen, Suedian egindako esperimentu batean frogatu zuten egingarria eta segurua dela fetu emaileetatik neurona dopaminergikoak hartu eta transplantatzea. Ez da bideragarria, ordea: lau eta sei fetu artean beharko lirateke terapia bakar bat martxan jartzeko nahikoa neurona izateko.
Zelula amak
Horrenbestez, bide horretatik tratamendu eraginkorren bat garatzea lortzen bada inoiz, zelula amak izango dira gakoa. «Iturri egokia dira, plastikoak eta hedagarriak direlako», esan zuen Fariñasek.
Zigotoa edo obulu ernaldua garatzen hasten denean, fase goiztiar horietan zelulak bereizten hasten direnean, ez daukate funtzio zehatzik esleituta oraindik. Zelula diferentziatu gabeak direla esaten da, oraindik ez baitago erabakita bakoitza zer motatakoa izango den edo zer betebehar izango dituen. Bestela esanda, zelula ama enbrionarioak dira.
Oraindik funtziorik ez dutenez, zelula malguak dira; manipulagarriak, nolabait. Eta parkinsona duen gaixoaren mesedetan balia liteke hori. Laborategian manipulatu, bertatik abiatuta behar den funtzioa lortzeko: dopamina jariatzen duten zelulak.
Fariñasek azaldu bezala, ernaltze kliniketan dagoeneko baliatuko ez diren enbrioiak erabiltzen dira alor horretan ikertzeko, baina bi arazo nagusi daude horiekin: «Bata, biosegurtasuna. Zelulak diferentziatu gabe daudenean, tumoreak sorrarazteko potentzial handia dute. Eta bigarrena, zelulok enbrioi batetik badatoz, ez da helduen berdina, eta gerta daiteke gaixoak errefusatzea».
Hori dela eta, zelula amak edo antzekoak lortzeko beste bide batzuk ere badira ikergai. Bata ezaguna da oso: klonazio terapeutikoa, Dolly ardia sortzeko erabili zuten metodo bera. Zelula guztiek eduki genetiko bera dute gordea. Esaterako, pazientearen azaletik ateratako zelula bati nukleoa erauzi, nukleo hori zigoto batean txertatu, eta in vitro garatzen uztea da gakoa. Baina Dolly ardiaren kasuan ez bezala, zelula ama enbrionarioak bereizten hasten diren fasera arte bakarrik. Hala, zelula klonatuak lirateke horiek, gaixoarenetik kopiatuak, eta ez luke errefusatzeko arriskurik.
Bestalde, frogatuta dago zelula helduak birprogramatu daitezkeela, nolabait denboran atzera egin dezaten eta zelula amen pareko malgutasuna berreskura dezaten. Kasu horretan ere, errefusatzeko arriskurik ez da, birprogramatutako zelula gaixoarena berarena baita. Hori da beste bide bat, eta alor horretan emaitza onenak eman dituena orain arte.
Dena dela, azken bi bide horietan ere, biosegurtasunaren arazoak hor dirau, oraindik ez baita lortu fase goiztiar horietan tumoreak sortzeko dagoen erraztasuna etetea.
Neurogenesia
Metodo horiek hobetzeko lanean jarraitzeaz gain, beste auzi bati erreparatu behar zaiola azpimarratu zuen Fariñasek: neurogenesia. Izan ere, askotan kontrakoa zabaldu izan bada ere, gizakiok neurona berriak sortzen ditugu helduaroan ere. Neurogenesi hori garunaren bi eremu oso zehatzetara mugatuta dago, ordea, eta hor egon daiteke gakoetako bat: «Badago zerbait eremu horietan, zelula horientzat ingurune aproposa dakarren zerbait». Hala, neurogenesia gauzatzen duten eremu horiek ezagututa, ezaugarriok laborategian kopiatzeko aukera egon daiteke.
Garunak bere burua susper dezan
Parkinsona eta bestelako hainbat gaitz zelula ametatik abiatuta leuntzeko, etorkizunean egon daitezkeen aukerak izan zituen hizpide Isabel Fariñas biologoak, asteazkenean Achucarro zentroak gonbidatuta Bilbon eman zuen hitzaldian. Esperantzarako zioak badirela esan zuen, baina ikertzen ari direla oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu