Garro kontrolpean aske uztea erabaki du Parisko auzitegiak

Fiskalak helegiterik jartzen ez badu, azaroaren 28an libre utziko dute, eskumuturreko elektroniko batekin

Zigor Garro presoa, amaren ehorzketan, iazko otsailean. BOB EDME.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
PARIS. Zigorrak Ezartzeko Parisko Dei Auzitegiak onartu du Zigor Garro euskal presoak eskumuturreko elektronikoarekin buka dezan kondena. Urriaren 23an egin zuten auzi saioa, eta, ohi ez bezala, prokuradorea ez zen euskal presoa askatzearen kontra agertu.

Hala ere, helegitea jar dezake 24 orduko epean, eta orduan Garro ez litzateke aterako kartzelatik. Bestela ere, hamar eguneko epea dauka fiskalak helegitea jartzeko, baina, kasu horretan, presoa kalera ateratzen ahalko da. Maritxu Paulus Basurko abokatuak esan du «fiskalak logikoki jokatzen badu» presoak kondena eskumuturrekoarekin bukatzen ahalko duela, kanpoan. Hala ere «kontuz ibili» behar dela esan du, «helegite epeak» pasatu bitartean.

Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan eman diote presondegitik ateratzeko baimena presoari: iazko otsailean amaren ehorzketan izan zen, Zokoan (Lapurdi), eta, geroztik, lanari lotutako hitzorduak izan ditu aurtengo udan eta ikasturte hasieran. 2020ko udaberrian du kondena amaiera ofiziala. Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago preso egun, iazko otsailetik.

Garro da Frantzian neurri hori ezartzen dioten Hego Euskal Herriko lehen presoa. Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpen baten ondorioz —duela bi hilabete eta erdi jakin zen—, Hego Euskal Herriko presoak ere hasi dira baldintzapean askatzeko eskatzen. Garrok ez ezik, Alaitz Areitiok ere eskatu zuen orain aste batzuk. Zigor Merodiok ere galdegin zuen, baina aske geratu zen gero, zigorra beteta.

Garroz eta Areitioz gain, Hegoaldeko beste hamar preso bide bera jorratzeko moduan dira, bakoitza bere garaian, eta batzuk hasi dira horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.