Garrastatxu: «Biribilgunetik irteteko garaia da»

Otxandianok esan du abagune hau politika jakin batzuek eragin dutela, «etxebizitza merkantzia bat izan dadin onartu dute». Hitzeman du soluzioak mahai gainean daudela, eta EH Bilduk martxan jarriko dituela.

EH Bilduk Bizkaiko zerrendak aurkeztu ditu.
Ima Garrastatxu, Pello Otxandiano, Oihana Etxebarrieta eta Iker Casanova, gaur, EH Bilduren Bizkaiko zerrendaren aurkezpenean, Bilbon. ENDIKA PORTILLO
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 2a
17:00
Entzun

EH Bildu sinistuta dago Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 21eko hauteskundeak «inflexio puntu bat» izan daitezkeela, eta balitekeela bide bat irekitzea etorkizunerako beharko diren politiketan egiturazko aldaketak egiteko. Hala adierazi du Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, alderdikidez inguraturik, Ima Garrastatxurekin eta Iker Casanovarekin batera Bilbon egin duen agerraldian. Bizkaiko zerrendak aurkeztu dituzte Yimby aretoan. Garrastatxuk azpimarratu du EAJren Bizkaiko hegemonia urratzen hasia dela, ezinezkoa zirudien arren: «Behetik hasitako aldaketa batek ekarri gaitu honaino. Gobernatzeko modu berrien alde egin da eta». Are, uste du aldaketa posible dela: «Biribilgunetik irteteko garaia da».

Garrastatxu Durangoko alkate izan zen, eta Bizkaiko zerrendaburua da. Esan du Bizkaiko lurraldearen kudeaketa dela «gaur egungo eredu zaharkituaren adibiderik garbiena, non pertsonen ongizateaz bestelako interesak lehenesten diren». Osakidetza, etxebizitza, emantzipazioa, zaintza eta lan prekaritatea aipatu ditu, eta nabarmendu posible dela apirilaren 21etik aurrera gauzak aldatzea: «Lurraldearen etorkizuna lerroburu handiak sortzen dituzten baina arazoak konpontzeko eta herritarrei arreta emateko gai ez diren proiektuei fidatu gabe».

Nazio proiektua

Hitzaldiaren hasieran, Otxandianok esan du Bizkaiko zerrendak aurkeztuta ibilbide bat itxi dutela gaur; Arabakoak eta Gipuzkoakoak aurretik aurkeztuak zituzten. Bestalde, egunotan Baionan Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarekin izandako bilera ekarri du gogora, baita Begiradak liburuaren aurkezpenaren harira Iruñean Joseba Asiron alkatearekin izandako topaketa ere. Azpimarratu nahi izan du EH BIldurena «nazio proiektua» dela; hain zuzen, nahiz eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hiru herrialdetako arazoei jarriko zaien arreta, emaitzek Euskal Herri osoan eragingo dute, adierazi duenez.

«Merkatuaren autorregulazioaren mitoa sinetsi, eta etxebizitza merkantzia bat izan dadin onartu da; ez da etxebizitza politika publikorik egin». PELLO OTXANDIANO EH Bilduren lehendakarigaia

Etxebizitzaren auziari ere heldu nahi izan dio. Gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 2015ean onartu zuela etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortzen zuen legea, baina ez dela garatu, «ez delako borondate politikorik izan». Esan du lege hura garatu izan balitz alokairu publiko gehiago egongo liratekeela, baita prezio mugatuak, etxebizitza hutsak berrerabiltzeko aukerak eta beste politika batzuk ere. «Merkatuaren autorregulazioaren mitoa sinistu, eta etxebizitza merkantzia bat izan dadin onartu da; ez da etxebizitza politika publikorik egin». Otxandianok esan du soluzioak mahai gainean daudela: «eta guk egikaritu egingo ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.