Azken udal hauteskundeetan EH Bildu izan zen gehien bozkatutako indarra Andoainen, baina PSE-EEren eta EAJrenarteko akordioak gobernu aldaketa eragin zuen. Maider Lainez sozialistak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1977) hartu zuen aginte makila. Akordio haren fruituekin gustura agertu da alkatea, eta begi onez ikusten du hark irautea, baita datorren urteko hauteskundeetatik aurrera ere.
Hiru urte igaro dira Andoaingo alkate izendatu zintuztenetik. Zer-nolako balantzea egiten duzu orain artekoaz?
Bizia izan da, pandemiagatik batez ere. Horrek baldintzatu gaitu. Lehentasunak aldatu egin ziren, eta proiektu batzuk atzeratu. Egoerak erantzun azkarrak eskatzen zituen. Zaurgarrienak erdigunean jarri genituen, baliabide guztiak haien esku jartzeko. Halere, saiatu gara gobernu akordioan adostutako programa ahal den neurrian betetzen: eguneko harrera egoitza martxan jarri dugu, Rikardo Arregi eta Agustin Leitza kaleen arteko biribilgunea prest dago... Normaltasunera bueltatzen ari gara pixkanaka, eta gauza asko martxan jartzen saiatzen.
Gobernu akordioa aipatu duzu. Izan ere, koalizio gobernu bat adostu zenuten 2019an. Nola funtzionatu du?
Oso ondo. Bakoitzak bere programa zuen, eta biak bateratu eta lehentasun batzuk jarri genituen. Alde horretatik, bakoitzaren eskumeneko sailetan ekintzak martxan jartzen ari da, eta saiatzen gara aniztasun hori jorratzen. Oso aberasgarria da.
Eta zer moduzko harremanak dituzue oposizioko alderdiekin?
Esango nuke ondo joan direla. Haien proposamenak entzuten saiatu gara; batez ere, aurrekontuen eta tasen inguruan. Horiek dira gairik garrantzitsuenak. 2022ko aurrekontuei begira, EH Bilduk eskatu zigun inbertsioen eta planifikazioaren berri emateko, eta gardentasunez begiratzeko pasatu genien. Ez genuen lortu adostasun batera iristea, baina halako ariketak oso onak dira. Gu prest gaude horretarako.
Urtebete baino gutxiago falta da hurrengo udal hauteskundeetarako.
Hiru urte igaro dira, baina oraindik beste bat falta zaigu. Ez gaude hauteskundeei begira: herritarren beharrei begira gaude. Lehen momentutik egin dugu hori.
Baina berriz ere alkategai izango zara hurrengo urteko hauteskundeetan?
Alderdikideek eta herritarrek esango dute hori. Baina, nire aldetik, prest nago erabat: gogotsu eta ilusioz. Lehen aldiz aurkeztean, esan nuen lan eta lan egingo nuela, eta horretan saiatzen naiz. Uste dut ondo ari garela.
EITB Focusen azken inkestaren arabera, PSE-EE bere horretan mantenduko litzateke Gipuzkoan; %0,6 egingo luke behera. Zer espektatiba dituzue zuek?
Beti hoberenak. Andoainen zentratuta, proiektu asko ari gara aurrera ateratzen, eta emaitzak hobetu nahi ditugu. Gipuzkoa mailan, Jose Ignacio Asensio [Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatua] oso lan ona egiten ari dela uste dut, Harkaitzekin [Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua] eta Rafaelarekin batera [Romero, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua]. Saiatzen ari gara gure programak lantzen eta betetzen. Hori da herritarrekin dugun akordioa. Gero, haiek erabakiko dute.
Zenbakiek errepikatzeko aukera emango balute, prest zeundeke EAJrekin beste gobernu akordio bat egiteko?
Noski, aberasgarria izaten ari da. Gu beti egongo gara prest beste alderdiekin hitz egiteko. Niretzat, garrantzitsuena ez da norekin, baizik eta zertarako. Hori da 2019an adostu genuena: zer egingo genuen elkarrekin egonda.
EH Bilduren eta PSE-EEren arteko akordioak ikusi dira legealdi honetan. Haiek gobernu akordioetara eramateko aukerarik badago? Andoainen lehen bi indarrak zarete.
Ez da norekin begiratzeko momentua. Garrantzitsuena da herritarrek bozkatzea, eta, haiek erabakitakoaren arabera, joango gara hitz egiten. Oraintxe ez gaude puntu horretan.
Akordio zabalagoak ere ikusi dira. Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin aldaketa batzuk adostu zituen kontuetan, eta hezkuntza akordioa lautara itxi zen.
Besteekin hitz egitea, gauzak adostea eta proiektua aurrera ateratzea da bidea. Gure kasuan, denok nahi dugu Andoain hobeago bat. Alderdi gehienek gurekin akordioak aurrera ateratzea nahi dugu. Hori da herritarrek eskatzen digutena.
Asensio aipatu duzu lehen. Iazko urrian iritsi zen kargura. Baita Eneko Andueza PSE-EEko idazkaritza nagusira ere. Nolakoa izan da haien ailegaera?
Bakoitzak bere programa eta ideiak dakartza. Izugarrizko lana egiten ari dira, eta pozik gaude.
Aldaketa nabari da egungo zuzendaritzaren eta Idoia Mendiak gidatutakoaren artean?
Ez dakit aldaketarik izan den. Pertsona bakoitzak bere izaera du. Idoiak modu batean egiten zuen lan, eta uste dut bere garaian oso lan ona egin zuela. Orain, garai berri bat da, eta ondo ari dira.
Datorren urtean hauteskundeak izango dira Espainiako Kongresurako ere, eta PSOEk gobernua galdu dezake. Baduzue kezka alderdian?
Voxen igoerak kezkatzen nau. Pedro [Sanchez Espainiako gobernuburua] izugarrizko lana egiten ari da, egoera kontuan izanda: pandemia, La Palmako sumendia, Errusiaren inbasioa... Inkestetan ez dut asko sinesten. Gustatzen zait emaitzak dauzkagunean akordioak norekin egin ditzakegun ikustea. Ahalik eta zabalen.
Bada, inbestidurako blokea garai zailean dago.
Egun batean goian zaude, eta hurrengoan dena zailtzen da. Askotan, den baino handiagoa egiten dugu bola. Garrantzitsuena da egunero zer egiten ari garen: lan erreforma, diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera, langabeziaren beherakada... Horiek dira herritarren kezkak.
Baina bi bide daude: inbestidurako blokea edo PPren eta Ciudadanosen babesa bilatzea. Nora jo behar du PSOEk?
Herritarrek nahi duten lekura. Gauzak aurrera eramatea nahi dute haiek. Egun batean honekin eta gero bestearekin bada ere, guretzat garrantzitsuena da proiektuak aurrera ateratzea; herritarren beharrei erantzutea.
Maider Lainez. Andoaingo alkatea
«Garrantzitsuena ez da norekin, baizik eta zertarako»
Urtebete baino gutxiago falta da hauteskundeetarako, eta berriz PSE-EEren alkategai izateko asmoa du. Ez dio mugarik jarri nahi elkarrizketari, betiere helburuetan bat etorriz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu