Elisa Sainz de Murieta. BC3 taldeko ikertzailea

«Garrantzitsua izango da urtea konpromisoetan pausorik ematen den ikusteko»

IÑIGO SIERRA / BC3.
jon olano
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Madrilgo COP25 goi bilerari bertatik bertara erreparatu dio Elisa Sainz de Murietak (Bilbo, 1977), klima aldaketa ikertzen duen BC3 taldeko ikertzaileak.

Zer deritzozu goi bileran adostu denari?

Aurreikuspen batzuk bazeuden COP bilerarekin: bagenekien trantsiziokoa zela, garrantzitsuena 6. atala ixtea zela, jakinik ere oso gai korapilatsua dela eta oso zaila zela ixtea. Datorren urteko goi bilera oso garrantzitsua izango da; 2021etik aurrera Parisko Akordioa martxan egongo da, eta espero da herrialdeek euren konpromisoak eguneratzea datorren urtean.

Erabakitzeko zegoen Arauen Liburua ixtea; Parisko Hitzarmenaren letra xehea da, akordioa aurrera eramateko arauak, prozedurak... Horrek lan tekniko izugarria eskatzen du. Ez dezagun ahaztu 196 herrialdek adostasunez hartu behar dituztela erabakiak.

Zer gertatu da?

Alde batetik, negoziazioen arloa egon da; bestetik, zientzialariak, gobernuz kanpoko erakundeak... Guk gero eta garrantzi handiagoa ematen diegu estatu ez diren eragileei: gizartea, enpresak, eskualdeak, hiriak... Haien rola gero eta garrantzitsuagoa da, eta gero eta gehiago aztertzen dugu. Izan ere, gauza asko daude eskualdeek eta abarrek martxan jar ditzaketeenak estatuen baimenik gabe.

Parisko Hitzarmenaren 6. artikuluan aurrerapauso batzuk eman dira, baina ez dute lortu ados jartzea. Ez da sorpresa izan, gai korapilatsua delako. Uste dut azken akordioari konpromiso handiago bat falta izan zaiola datorren urterako asmoak handitzeko. Hor, herrialde batzuk ari dira oztopoak jartzen, baina ez da berria: denok dakigu zein den Ameriketako Estatu Batuen, Australiaren eta Brasilen jarrera.

Edozein moduz, Parisko Akordioa da orain dugun tresna; egia da gauza batzuk ez direla lotzen ari eta zientziatik esaten ari garela premia dagoela. Asko dago egiteko datorren urtera begira.

Madrilgoa trantsiziokoa bazen, zer espero daiteke Glasgown datorren urtean egingo duten bileraz?

Ixteko daude aurten itxi ez diren gaiak. Merkatuena oso tresna baliotsua izan daiteke, baina merkatu batzuk dagoeneko martxan daude; adibidez, Europakoa. Herrialdeek beren konpromisoak aurkez ditzakete, nahiz eta seigarren artikulua itxita ez egon. Ideala litzateke Arauen Liburua ixtea, baina oso garrantzitsua da ikustea ea herrialdeek euren konpromisoak eguneratzen dituzten urte honetan. Urte hau oso garrantzitsua izango da ikusteko benetako aurrerapausoak ematen diren herrialdeen konpromisoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.