Puntueus fundazioko informatika arduraduna da Josu Arakistain. Haiek Linux sistemarekin funtzionatzen dute, eta Microsoften erorialdiak ez die modu nabarmenean eragin, nahiz eta Behatokiko grafikoak erori zaizkien tarte batez. Hark, arazoari baino gehiago, hari erantzuteko gaitasunari erreparatu dio.
Arazoaren oinarria Crowdstrikeren eguneraketa bat izan dela azaldu dute. Zer gertatu da?
Crowdstrikeren arazoa izan dela esan dute, baina, dirudienez, bi arazo izan dira batera, biak Microsoftekin lotuak. Alde batetik, Microsoftek aldaketa batzuk egin ditu bere barne konfigurazioan, eta, horren eraginez, bere sistemen arteko konexioa galdu egin da, memoriaren eta konputazio sistemen artekoa. Beste aldetik, Crowdstrikeren eguneraketak huts egin du. Horregatik sortu da hainbesteko kaosa.
Crowdstrike zibersegurtasun enpresa bat da, baina zer egiten du zehazki?
Denok ulertzeko, bere zerbitzua izango litzateke denok dugun edozein antibirusenaren modukoa, baina zerbitzarien munduan zentratuagoa. Hodeian egiten diren eraso aurreratu eta sofistikatu horiek inteligentzia artifizialaren bidez defendatzea.
Enpresa eta erakunde publikoetan izandako eraginaren jatorria Microsoften zerbitzuen erabilpenean dago. Baina zer eskaintzen die Microsoftek horiei?
Ez da ohikoa halako enpresa handiek euren konputazio sistema eta zerbitzariak instalatzea. Normalean, hodeian daudenak kontratatzen dituzte, eta, hodeian, Microsoft eta Amazon dira liderrak. Horien azpiegituretan muntatzen dituzte bakoitzaren sistema eta programak. Kasu honetan, Azurek, Microsoften plataformak, arazoak izan ditu, eta hor dauden zerbitzuak erori egin dira, Microsoftek bere sistema berreskuratu arte. Esan dutenez, Microsoften sistemak geratu egiten dira Crowdstrike gabe, segurtasunik gabe lan ez egiteko.
Eta bada jakiterik zer kalte eragiten dituen erorialdi horrek?
Ezin dugu jakin konpainia bakoitzari zergatik egin dion kalte; ez dakigu Crowdstrike erabiltzen duten edo ez. Hura erabiliko balute, zuzenean egongo lirateke kaltetuta eguneraketarengatik. Baina, erabiltzaile ez badira ere, baliteke zeharka kalte egin izana. Enpresen artean ere menpekotasuna dago. Adibidez, banku bat Amazonen plataforman egon daiteke, baina, VISA Microsoften badago, bigarrena erorita bankuak ezingo lituzke txartelak erabili. Dena lotuta dago.
Beraz, menpekotasun lotura estua dago erakundeen lanaren eta Microsoften artean.
Kaos handia sortu dezake. Osakidetzan, adibidez, mediku batzuek ez dute sarbiderik fitxetara. Eta kaos horren barruan, aurrez egin duzun lanaren arabera, enpresa bakoitzak izango ditu prozedura batzuk hobeto irteteko edo ez du jakingo zer egin behar den. Inoiz ez baduzu pentsatu zer gertatu daitekeen eta sistemarekiko menpekotasuna baduzu, arazo larri bat duzu. Aireportuetan ikusi da. Microsoftek eta Amazonek zerbitzua garatzeko eta konfiantza ezartzeko duten gaitasunak pentsarazten du dena kontrolatua dutela, baina ikusten da, beste edozein konpainiak bezala, arazoak dituztela.
Beraz, aurreikus zitekeen halako zerbait gertatzea?
Bai. Halako enpresa handiek, adibidez Eusko Jaurlaritzak, kalitate plan baten barruan hau jaso beharko luke. Ez halako erorialdi batengatik bakarrik, baita zibereraso bati aurre egiteko ere. Jaso behar da zer eragin izan dezakeen sistema erortzeak, eta nola irten hortik.
Gaurkoak izandako eraginak ekar dezake askok pentsatzea aldaketa bat behar dela?
Bai, baina normalean ez da gertatzen. Orain zarata egingo du, eta astelehenean ere jarraituko du, baina denborarekin ahaztu egiten da. Eta burtsan Microsoftek diru asko galduko duen arren, hurrengo asterako berreskuratuko dute, eta ez da aldaketarik izango. Enpresentzat halako aldaketa batek eskatzen dituen lanek eta kostuek askotan ez dute konpentsatzen.
Eta ez da alternatibarik? Zuek software librearekin egiten duzue lan.
Posible da, baina ezerk ez dizu bermatzen arazorik ez izatea. Software libreak duen abantaila da zuk gauzak egiteko duzun abantaila hori; hain zuzen, Microsoftek eta Amazonek duten arazo nagusia da erortzean zuk ezin duzula ezer egin. Hemen, garrantzitsua ez da arazoa; erabiltzen den sistema erabiltzen dela ere, lehenago edo beranduago gertatuko da; arazoari erantzuteko dituzun plana eta gaitasuna dira garrantzitsuak.