AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea

Aize Otaño: «Garrantzitsua da zaintzaileek aukera izatea lanorduetan euskara ikasteko»

Euskara ikas dezaten, zaintzaileengana egokitzeko beharra dagoela nabarmendu du Otañok. Bi gako aipatu ditu: eskolen doakotasuna eta denbora.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2024ko irailaren 26a
18:15
Entzun

Euskaltegiek eragina izan dezakete zaintza sektorea euskalduntzerako garaian. Hala azaldu dute Helduen euskalduntze-alfabetatzeak zer du eskaintzeko? Zer egokitzapen du egiteko? hitzaldian. Ekinean ari direla dio Aize Otaño (Donostia, 1988) AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak, baina administrazioen abaroa galdegin du: baliabideak eta malgutasuna.

Euskaltegiek zer eskaintzen dute zaintzaren sektorea euskaldundu ahal izateko?

AEKn eskaintzen dugu hizkuntza aholkularitza, adibidez, zaintzaren arloko enpresa batean euskara plana martxan jartzeko, langileak euskalduntzeko. Euskaltegietan ere ahalegintzen gara: joan izan gara zaharren egoitzetara, haien beharretara egokitu ahal izateko. Ohiko eskaintza ere badaukagu.

Zer neurri behar dira zaintzaileak euskarara gerturatzeko?

Garrantzitsua da aukera izatea lanorduetan euskara ikasteko; hori bermatzen bazaie, errazagoa izango da euskara ikasteko hautua egitea. Ikasteko, bi motibazio mota egon daitezke. Alde batetik, pragmatikoa edo instrumentala dago: langileek ikusi behar dute zein balio ekarriko dien euskara ikasteak, baina hori ez dago euskaltegion esku soilik; bereziki, instituzio nagusiek daukate ardura, eta horretarako politika publikoak egin beharko dituzte, eta baliabideak eskaini, euskara ikasteko hautua egin dezaten. Beste aldetik, motibazio afektiboa dago, eta guk agian badugu esku hartzeko aukera handiagoa.

Behin gerturatuta, nola lor daiteke haien atxikimendua?

Ahalegintzen gara euskal kulturan murgiltzen, hizkuntzak zer balio erantsi emango dien —maila pertsonalean eta profesionalean— ikusarazten. Horretaz gain, uste dut  garrantzitsua dela gu haien beharretara egokitzea. Agian, eskaintza zehatza egin behar da, soilik haiei begirakoa.

Eta ikasketa prozesua ahozkora bideratu?

Bai, eta baliabideak eskaini, zaintzaileek zerbitzu hartzaileekin euskaraz izan dezaten gutxieneko komunikazioa.

Zaintzaren sektorea askotarikoa da, baina erabat feminizatuta dago, eta, askotan, arrazializatuta. Euskaltegiak egokitzen al dira zaintzaileen beharretara?

Irakasleek kontuan hartzen dute ikaslearen ezaugarriak zeintzuk diren, zer egoeratan dagoen, eta beti tentuz ibiltzen gara, eta laguntzen ahalegintzen gara; uste dut euskaltegiok lana egiten dugula eta kontuan hartzen dugula.

Zaintzaileak euskalduntzeko bi gako aipatu dituzue: denbora eta doakotasuna.

Bai, baina doakotasuna behar da ez soilik esparru honetan. Baina egoera oso zaurgarrian daude, ez daukate baliabiderik eta denborarik... Uste dugu diruak eragina duela. Horretaz gainera, ez daukate denborarik, eta, gainera, euskaltegietara jo, eta agian ez daukate euren beharretara egokitzen den eskaintzarik, euskaltegiok ere baldintzatuta baikaude, guri jartzen dizkiguten baldintzak bete behar ditugulako; beti ahalegintzen gara eskaintza zabala izaten, herritar guztien beharretara egokitzen, baina askotan eskuak lotuta dauzkagu, guk ere administrazioak jarritako baldintzak bete behar ditugulako. 

Hori dena egiteko, euskaltegiek baliabideak beharko dituzue.

Bai, noski. Askotan aldarrikatu dugu: eskaintzen dugun zerbitzua administrazio nagusiek finantzatu behar digute %100ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.