«Garrantzitsua da pornografia eta hezkuntza bereiztea»

Argi du: pornografia ikusteko da, ez ikasteko. Agurtzane Ormatza sexologoak 25 urte baino gehiago daramatza nerabeekin sexu heziketa lantzen. Gaztetxoentzako programa «oso sendoak» daudela dio, baina aitortu du oraindik badituztela gabeziak.

Kerman Garralda
Bilbo
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Pornografia plazerean murgiltzeko baliabide bat da». Labur baina argi mintzo da Agurtzane Ormatza sexologoa (Bakio, Bizkaia, 1967) pornografiari buruz. «Pornografia eta fantasia kitzikatzeko tresna izugarriak dira. Berdin da zer desiratzen duzun, nola desiratzen duzun, eta zer bilakaera duen. Gure plazeraren bidea jorratzeko baliabide bat da. Baina ez da inor hezteko».

Ormatzak Sexologia ikasketak egin zituen, eta 25 urte baino gehiago daramatza nerabeekin lan egiten. Haren hitzetan, oso garrantzitsua da pornografia eta hezkuntza bereiztea: «Guztiaren iturria sexologia da, hor jasotzen delako sexuaren inguruko ezagutza guztia. Adarretako bat da sexuen heziketa, hau da, neskamutilen heziketa, eta hezkuntza horren barruan kokatuko genuke pornografia». Ormatzak uste du normala dela nerabeek pornografiara jotzea euren kezkak asetzeko asmoz: «Beti egin izan dugu». Baina ohartarazi du ezin dela ahaztu pornografia fikzioa dela. «Sexu heziketaren munduan lan egiten dugunok adi ibili behar dugu lanketa hori egiteko, gazteek begi kritikoz ikus dezaten, eta ikusitakoa galbahetik pasa dezaten. Gure lana da esatea pornografia kontsumitzea oso ondo dagoela, asko gozatzen dutelako, baina hausnar dezatela ea kondoirik erabili duten edo nolako harremanak agertzen ziren», nabarmendu du.

Nerabeei sexu gosea pizten zaie, eta adinaren ezaugarrietako bat da jakin-mina izatea, galderak egitea. «Toki denetatik ikasten dugu, hemendik ere bai, baina gazteei esan behar diegu pornografia ikasteko bainoago ikusteko dela». Begien bidez, Ormatzaren esanetan, nerabeek izaten duten jakingura asetzen dute: «Ikusmenetik hasi, eta euren fantasiak gorputzera eramaten dituzte». Pornografia konbentzionalak fantasia ezegokiak sustatzen dituen galdetuta, erantzun du ez dela horrenbesterako: «Ikasketa prozesua hanka sartzean datza, gaizki egitean, errudun sentitzean, barkatzean... Eta, gainera, askotan pentsatzen dugu nerabeak kokoloak direla, baina uste dugun baino gehiago dakite». Bere bizipenetan oinarrituta dio gazte gehienak mesfidatiak direla pornografiarekin, eta nahastuta daudela, ea ikusten dutena egia izango den ala ez. «Baina nerabeek pornografiari eusten diote gauzak ikusteko bide errazena delako».

Milaka aurpegi

Pornografia bide bat bada; bidezidor asko ditu. «Gazteei argi utzi behar diegu pornografia konbentzionala ez dela kitzikatzeko modu bakarra», nabarmendu du Ormatzak. Gogoratu du orain dela hamar edo hamabost urtera arte pornografia bakarra zegoela, baina apurka-apurka ari direla bestelako pornografia moldeak agertzen. «Adituek ez diegu nerabeei esan behar nondik joan behar duten; bidea topatzen lagundu behar diegu. Hau da, kitzikatzen dituena aurkitzen lagundu behar diegu».

Desiraren garapena oso pertsonala da, Ormatzarentzat. «Bakoitza gauza batek kitzikatzen du, eta ez badu kitzikatzen, ez da ezer pasatzen. Norbere burua ezagutzearen prozesua da hori». Haren esanetan, merkatuan gailendu den pornoa koitoan zentratzen da: «Gizonezkoen begietatik gizonezkoen begietara egindakoa». Pornografiaren inguruan negozio itzela sortu da, eta interes ekonomikoak tartean egonda, bestelako pornografia batzuk baztertuta gelditu direla salatu du sexologoak.

Halere, duela urte batzuk beste joera batzuk loratzen hasi zirela dio. «Hori da Porno Eskolaren arrakastetako bat, pornografia konbentzionaletik aldendu direla». Kontuak kontu, kexu da oraindik pornografia mota asko itzalean daudelako, atzean morala dagoelako, eta «perbertsiotzat» jotzen delako. Ildo horretan, Ormatzak uste du pornografia moralarekin lotu duela gizarteak, eta pornografia ona eta txarra sortu duela. «Pornografiari arte edo erotika kutsua eman beharrean, kutsu morala eman diogu. Oraindik ere egiten dugu hori, ideologiaren arabera bereizten dugulako zein pornografia dagoen ondo eta zein gaizki. Zer du txarretik 15 urteko neskatila bati edo 65 urteko andre bati porno konbentzionala gustatzeak, nahiz eta gizonezkoei bideratua izan?».

Heziketa, hankamotz

Edonola ere, sexu heziketaren estrategia orokorra izan behar dela sinetsita dago Agurtzane Ormatza: «Sexu heziketa makroan ikusi behar da. Makroa da elkarrekiko bizitza, nola egon hobeto, nola ulertu hobeto, nola murgildu norberaren erotismoan... Makroa galtzen badugu, beti hankamotz geratzen gara». Alde horretatik, Porno Eskolaren egitasmoa oso aberasgarria dela uste du, eskaintza zabaltzen laguntzen duelako.

Ormatzaren ustetan, sexu heziketan programa oso sendoak eta onak egon arren, gehienak prebentzio mailan gelditzen dira, eta beste alor batzuk albo batean uzten dituzte. «Ez dut esan nahi prebentzioa ez denik garrantzitsua. Ongi dago hiesari, nahi gabeko haurdunaldiei eta indarkeriari buruzko prebentzio lanak egitea, baina bere neurrian».

Hain justu, lan hori soilik prebentzioan gelditzearen atzean arrazoi bat dagoela uste du: denboran jarraitutasuna falta zaiela programei. «Denbora mugatu bateko programak antolatzen dira, eta, amaitzean, beste kontu batera». Gainera, kexu da soilik haurrekin lan eginda eraginkortasuna galtzen dela, irakasle eta gurasoak ere hezi behar direlako.

Lanketa egitean, gorputza lantzea faltan sumatzen du Ormatzak. «Desira eta norberaren aurkikuntza gure barruan gertatzen dira, baina sexu heziketaren arazo handienetako bat da kanpoan gertatuko balira bezala funtzionatzen duela». Ondorioz, gorputza, masajeak, kitzikapenak... zeharka lantzen dira. «Ez da hain garrantzitsua zer dagoen liburuetan, baizik nik nola bizi dudan hori guztia, zer gertatzen den nire gorputzean...». Ormatzarentzat, norbere gorputza ezagutzea ezinbestekoa da; hori norberak egin beharreko lana dela dio, baina adituek lagun dezaketela: «Teoria eta gaztetxoen alde kognitibo eta intelektuala gehiago nahastu beharko lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.