Marije Goikoetxea Iturregi. Psikologoa eta aditua etikan

«Garrantzitsua da osasuna, baina beste desio asko daude»

Goikoetxeak gabeziak ikusten ditu adinekoen artarako eskaintzen diren baliabideetan: iruditzen zaio soilik haien gabeziei erreparatuta ardazten direla sarriegitan eta, ikuspegi etikotik, desegokiak direla horregatik.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Marije Goikoetxea Iturregik (Mungia, Bizkaia, 1961) gotortuta ikusten ditu adinekoen artarako zerbitzuak sarri: andre eta gizon horien gabeziei begira, horiei erantzuteko ahaleginean, eta pertsona bere osotasunean ikusteko gaitasunik gabe. Psikologoa da, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta zaintzaren etikarekin lotutako hainbat gaietan aditua.Gerontologia-2020: oinarrizko erronkak hurrengo hamarraldirako ikastaroan aritu zen atzo, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan.

Zahartzaroa luzatzen ari da, eta hari buruz aritzeko terminoen falta ez da gero eta agerikoagoa? Ez dira hitz berriak behar?

Halaxe da: orain artekoek ja ez digute balio. Garai batean, bizitzako hiru aldiri buruz hitz egiten zen. Haurtzaroa zen lehena; helduaroa zetorren gero; zahartzaroa azkenik. Egun, hori aldatuta dago; OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak dio haurtzaroa, nerabezaroaurrea, nerabezaroa, gaztaroa eta helduaroa daudela ja abiapuntuan, eta zahartzaroko aroan ere gutxienez hiru aro badaude. Lehen aroa erretiroarekin hasten da maiz, bizitza berriz egituratzea tokatzen baita; zaharren nerabezaroa esaten diote hainbatek. Beste hainbatek helduaroa esan nahi izaten diote, adinekoak ez infantilizatze aldera, baina nerabezaroarekin lotze hori ez zait gaizki iruditzen, berriz bizitza egituratu behar izaten baita aro horretan; izan ere, gaur egun sarri gertatzen da pertsona batek erretiroa hartzea eta oraindik ere hamar-hamabost urte egitea osasun onean. Ondoren, hauskortasun epea etorri ohi da. Azkena mendekotasunarena da.

Kontzeptu berriak dira horiek; adinekoen gaineko ikuspegi homogeneo bat ez da nagusitzen oraindik gehienetan?

Hori da. Gero agertzen dira silver economy (adinekoen ekonomia) eta antzeko kontzeptuak ere; horiek erreferentzia egiten diote adinekoek zahartzaroaren lehen aro horretan duten gaitasun ekonomikoari: kontsumitzeko dirua dute, eta astia. Ikuspegi horren arabera, zahartzaroan osasun onean egin daitezkeen urte horiek kontsumoaren inguruan ardaztu behar dira. Ikuskera hori ez gailentzea: konfiantza horixe dut. Izan ere, parte hartzeko aro bat izan beharko luke; gizartean eta politikan parte hartzekoa.

Egungo arta zerbitzuekiko kritikoa zara; ikuspegi etiko batetik gabeziak agerikoak direla diozu. Zein dira nabarmenenak?

Egituratu dira pentsatuz pertsona horiek gutxiago balio dutela: hori da oinarrizko gabezia. Horregatik, adibidez, baliabide horiek maiz herri eta hirietako komunitateetatik aparte egin dira, bizitza komunitarioan parte hartzeko erarik gabe. Egoitzetan, adibidez, bizi zara zure behar antzekoak dituzten pertsonekin, baina askotan ez dute beste inolako loturarik zure bizitzarekin, zure kulturarekin, zure estiloarekin... Hori da arazo nagusia: zerbitzuak gabezien arabera daude antolatuta guztiz, eta komunitatearekin harremanik gabe. Horren muinean uste bat dago: adin horretan ez dago esperantzarik zoriontsu izateko. Nolabait ere esaten da: «Gizarteak alde batera utz zaitzake, eta zuk alde batera utz dezakezu gizartea. Zuk dituzun gabeziei arta ona ematea: horixe da egin behar dugun gauza bakarra». Eta, bai, osasunerako eskubidea oso garrantzitsua da adineko pertsonentzat; osasun arta ezinbestekoa da, baina beste nahi eta desio asko ere badaude, jende askorentzat garrantzi handikoak. Areago, esango nuke jende askorentzat osasuna bezain garrantzitsuak direla, eta zenbait pertsonarentzat osasuna baino garrantzitsuagoak ere bai gaur egun. Arazoa da zerbitzu asko homogeneizatzera egin dela, kode moral bakar batetik egin direlako: kode moral horren arabera, bizitza da balio nagusia, eta osasuna, bigarrena. Pentsatzen zen pertsona orok zuela kode hori. Ez da aintzakotzat hartu, ordea, gaur egungo gizarteko pluralismo morala: gero eta handiagoa da, eta handiagoa da, noski, zahartzen ari diren pertsonen artean ere.

Pertsona ardatz duen arreta ereduaz asko hitz egiten da, baina oraindik ere bide luzea dago hori ongi garatzeko, ezta?

Bai, aldaketa handia eskatzen duelako. Baita, esaterako, trebakuntzan ere. Izan ere, profesionalek gehienetan duten prestakuntzaren helburua da adineko pertsonaren gabeziak atzematea; aldiz, ez dute trebakuntzarik pertsona hori ulertzeko. Horretarako, ikuskera aldatu behar da: ez zaie soilik pertsona horrek dituen gabeziei erreparatu behar...

Zure aburuz, gabeziek itsututa, pertsona bera ez da ikusten...

Bai. Horregatik, aurrena pertsona hori bere osotasunean ikustera egin behar da. Hori eginda, orduan has gaitezke haren artarako eredu bat lantzen. Baina benetako paradigma aldaketa egin behar da horretarako, eta oso zaila da. Nik unibertsitatean eskolak ematen ditut, eta sarritan galdetzen diet ikasleei: «Demagun pertsona bat datorrela egoitza batera, bertan ari zarela psikologo lanetan; zer izango litzateke egin beharko zenukeen lehen lana?». Eta ia denek erantzuten didate: «Duen endekapen kognitiboa baloratu». Nola? Haren lehen eguna da! Nork esan dizu harentzat garrantzitsua hori denik? Ikasleek, ordea, guztiz buruan sartuta dute jokatzeko era hori.

Usu egoera kalteberetan daudenez, tratu txarrak pairatzen dituzten adineko pertsonak ere badira. Jaurlaritzak, adibidez, badu protokolo bat horiek atzemateko. Ez da oraindik guztiz ezarri, baina prozeduran murgilduta zaude, zer errealitate ikusten da orain arteko datuetan?

Gaur egun ditugun datuen arabera, adineko pertsonen %4,8k pairatzen dute tratu txarren bat; nahita eragindakoa izan daiteke, edo nahigabe. Horien artean %1,8k eskatzen dute erantzun azkar bat, kaltea oso larria delako. Kaltea izan daiteke fisikoa, ekonomikoa edo soziala. Zenbaitetan, interbentzio nahiko errazekin konpontzen dira.

%4,8. Inguruko herrialdeeen aldean asko al da?

Europan, gure inguruko herrialdeetan, %4-%8 arteko portzentajeak dituzte; beraz, hor gaude.Nahiko behean gaude, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik kasurik, eta garrantzitsua da jende hori antzematea. Har dezagun, esaterako, portaeraren nahasmenduren bat duen adineko pertsona bat, zer eta haren 80 urteko emazteak zaintzen duena... Jakina, ezin du ongi zaindu. Noski, ez duzu pertsona horren kontrako salaketarik jarriko. Salaketak jartzea usuago gertatzen da tratu txar ekonomikoetan. Baina beste kasu askotan ez. Orain dela gutxi izan dugun kasu bat datorkit gogora: zaintzaile batek arratsaldeko bostetatik aurrera ez zion edatekorik ematen adineko pertsona bati, gero hurrengo egunera arte ez zuelako inor izaten hari pixoihala aldatzen laguntzeko. Kalte handia ekar dezake horrek. Jakina, kontua ez da inor horregatik zigortzea: pertsona horri laguntza ematea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.